Aitor Manterola Garate.
Arrauna. Kontxako Bandera

Handiren bat gertatu ezean, Galiziak irabaziko du bandera

2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Galizia eta Euskadi lotu zituen Kepa Junkerak abesti batean, Prestige itsasontziaren hondamendiaren harira. 2002an gertatu zen ezbehar larri hura. 2008tik, Galiziako eta Euskal Herriko leku preziatuenetako bat lotzen ditu Galiziako eta beste lurralde batzuetako selekzioa osatzen duen emakumezkoen traineruak: Kontxarekin harreman berezia du, maiteminduarena. Hor jokatzen den estropada handiak aurtengoa du bosgarren aldia, eta aurreko lauretan galiziarrak izan dira garaile.

Bosgarrena ere ez du urruti. Gertu dauka, oso gertu. Gaur lortuko du, handiren bat gertatzen ez bada. Izan ere, aurreneko igandean, alde handiak atera zizkien beste hiru lehiakideei: Getaria-Tolosari 9,48 segundo; Zumaiari 14,32; eta San Juani 20,18. Hamar minutuko lana izaten dutela kontuan edukita, bada zerbait. Gainera, itsaso barea dago emanda, haizerik gabe, eta hori ere aldeko dauka Galiziak. Beste hainbat gauza bezala.

Horien artean dago lehen aipatutakoa, selekzioa izatearena. Sekulako aukera dauka nahi dituen arraunlariak biltzeko, eta Kontxako araudiak aukera ematen du, gainera, abuztuaren 1a baino lehen arraunlari berriak hartzeko. Beste taldeak, berriz, horixe dira, taldeak, eta elkarren ondoan dauden herriak ordezkatzen dituzte. Nahita ere ezin osatu selekzioa. Alde horretatik begiratuta, lehia ez da parekotasunean oinarritzen, eta selekzioak taldeei irabaztea da normalena.

Ezaugarri hori nahikoa eta gehiegi da oreka hausteko, eta, gainera, bada beste bat, helduleku zehatzik gabea: urtero-urtero, Galiziak Kontxan ematen du maila onena. Alferrik izaten da aurreko estropadetan beste talderen bat indartsuagoa izatea eta faborito itxurarekin heltzea Donostiara. Galiziarena da Kontxa. Kepa Junkeraren abesti hari letra aldatuz, «Galizia eta Kontxa» esan beharko litzateke.

Horrenbestez, gaurko lehiaren grazia txanda irabazteko borrokan dago, eta gero, Gipuzkoako ontzien artekoan. Ia bost segundo kentzen dizkio Getaria-Tolosak Zumaiari, eta bigarren postua dute jokoan. Zumaiarrek San Juani ia sei ateratzen dizkiote hirugarren lekuari heltzeko deman. Halakoetan jarri beharko da arreta, banderarenak jabea duelako, handiren bat ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.