Juanma Garate.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

Gutxienez lau, mesedez

2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Gorriak ikusi ditut helmugara iristeko. Txirrindularitzako eskuliburu guztia atera eta ahal izan dugun moduan iritsi gara azkenean Cortina D'Ampezzora. Lau txirrindulari geratzen gara taldean, eta izorratuta gaude laurok. Konponbiderik ez du honek, gainera. Bere txarrean, Giroko podiuma nolakoa den ikusi dugu, behintzat. Taldekako sailkapena irabazi genuen bezperan, eta horregatik joan gara saria jasotzera. Gutxienez lau taldekidek joan behar genuela jartzen zuen oharrean, eta gehienez ere lau izango ginela erantzun diegu gero. Hantxe joan gara laurok. Marka da, baina...

Uste dut Giroa hasi aurretik aipatu nizuela Pozzovivok zeukala lasterketaren giltza. Ez itzulia irabazteko, Giroa hankaz gora jartzeko baizik. Berak dauka gaitasunik handiena lasterketa desorekatzeko. Giauko azken metroetan ikusi da nola sufritu duen Scarponik berak, eta gainerakoak ere larri zihoazen. Alpe di Pampeagon eta Mortirolon egiten duenaren arabera egongo da Giroko emaitza. Etapari dagokionez, Purito-k eduki du burua argien, ez baitu eman errelebo bakar bat ere, eta gero berak irabazi baitu etapa. Ez du hutsik egin.

Pena izan da Nieverena, aurreko taldean sartzeko zorian egon delako. Une horretan bertan erritmoa aldatu du Bassok, eta etsi egin behar izan du azkenean. Oso igoera ona egin du, hala ere, eta metro gutxi batzuengatik, minututik gora galdu du gero. Aurrean jarraitzen dute Mikelek eta Beñatek, eta poza ematen du.

Beste asko lehertzen ari dira bitartean. Kreuziger jota iritsi da helmugara, Tiralongo ez da agertu ere egin... Pausoka-pausoka. Horrelakoa da Giroa. Hutsik egin gabe Hesjedalek jarraitzen du. Irteeran igoera bat geneukan, lehen kilometroan, eta 17. kilometrorako bitan zatitu da tropela. 60 zihoazen aurrean, eta 80 atzean. Hantxe zen Hesjedal, Uranekin batera. Berehala hasi dira lanean Garmin eta Sky, eta hegan iritsi gara aurrera. Harrituta geratu gara, benetan. Orduko 68 kilometroko abiaduran gindoazen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.