Danel Agirre.
SASKI DA!

Gu ere horrelakoak izan ginen

2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Nostalgia, ezinbestean. Behinola bere taldearen zale xehe ziren haiek bezero ziniko bilakatu dira egun. Entrenatzailearen eta jokalarien jarduna kritikatzeko, abonamendua ordaintzeak («uztailean, fitxaketak zein izango ziren jakin gabe») eskaintzen dien ustezko estatus berezia baliatzea gustatzen zaie. Pipertutakoan, kuota aurreztu eta bazkide moduan ez jarraitzearekin mehatxu egin ohi dute, edo are subertsiboago, telebistako kirol kateetako harpidetza etetearekin. Ez da fenomeno hutsala: zuzendaritzek etengabeko estimuluekin ase beharko dituzte harmailak aurrerantzean, apurka hustu ez daitezen. Jarraitzaileeneta kluben arteko harreman mesfidatien garaian, Burgosen bizi duten saskibaloiarekiko idilioak inbidia eragiten du. ACBra iristeko igaro odisearen ondoren (kantxan erdietsi igoerak bulegoetan ezin gauzatu ibili ziren luzaroan), zinismorik gabeko gozamen puruaren fasean daude. Ez die luzaro iraungo: laster iritsiko zaie eguna, non irabazita ere etxerako bidea kopetilun egiteko arrazoiak topatuko dituzten. Igandean, hori bai, Gasteizko zalea nostalgiak hartu zuen, Buesa Arenara hurbildu Burgosko 2.000 bisitarien animazio jostalari eta axolagabeari so. Duela 30 urte Baskonia horrelakoa zen.

Askoz gehiago beharko da. Lanpostua mantentzeko guraririk badute, aldi baterako entrenatzaileek nortasuna azaldu ohi dute, kaleratutako lankidearen maniaren batzuk ahalik eta lasterren zuzentzen saiatuta. Josep Maria Berrocali bere ibilbideko aukerarik desiragarriena ailegatu zaio, ezustean: taldearen entzefalogramari astindua eman eta Kopan sartzen badu, litekeena da denboraldia Baskoniaren aulkian eserita amaitzea. Igandeko estreinaldian erantzukizunaren zama igarri zitzaion Berrocali, eta asmatu ezinik aritu zen. Defentsa oldarkorragoa antzeman zen tarteka, baina azken txanpan zeharo lardaskatu, eta Burgosek jabetza bakoitzean saskiratu zuen. Erasoko anabasari irtenbiderik ematen ez zuen asmatu Estudianteseko entrenatzaile ohiak. Hirugarren laurdenean Nik Stauskas eta Matt Janning elkarrekin kantxaratu —berrikuntza aipagarrienetakoa izan zen— eta jokaldi segida itxuroso samarrak kateatu zituen Baskoniak, baina Berrocalek laster banandu zuen parea, eta Velimir Perasovicen ikurretakoa zen antolatzaile bikotera itzuli. Erabaki okerra suertatu zen: Luca Vildozak eta Pierria Henryk ez dute oraindik frogatu elkar uler dezaketenik, eta halakorik posible izango ote den ere zalantzagarria da. Bertuteak konbinatzerik lortu ez —badituzte, ez dira azkenaldian diruditen bezain jokalari kaskarrak—, eta zalantzak kutsatu ohi dizkiote elkarri. Hainbat gabezia partekatzen dituzten jokalariak dira, eta batera ari direnean, bien akatsak anplifikatu baino ez dira egiten. Antzekoegiak diren hiru pibotekin ere zer egin jakin gabe sumatu zitzaion Berrocali, eta ez da konponbide samurra duen kontu bat.

Bidegurutzean. Kopara sailkatzeko, Zaragozan edo Las Palmasen irabazi behar du Baskoniak. Berlinen ostegunean huts egingo balu, Euroligari ere tankera txarra hartuko lioke. Perasovicen kaleratzeak ezin du ezkutatu ahal: taldearen udako osaketa arras ezegokia izan zen, eta ajeak sasoi osoan zehar nabariko dira. Baina kirol zuzendaritzak irudikatu zuen multzo atletiko, gogor eta bizkorra akaso sekula gauzatuko ez bada ere, Baskoniaren benetako maila ezin da asteotakoa izan. Bildutako jokalari sortaren hutsune nagusia gutxietsi egin zuen klubak, zantzu guztien arabera: adimen gutxikoak dira, argibide zehatzik ezean nahasmenerako joera dute. Entrenatzaile jantzi, temati eta ulerkorra behar dute, alegia. Merkatuak eskaintzen dituen aukerak (Xavi Pascual, Georgios Bartzokas) garestiak dira. Eta ezer bainoago, merkatuan esku hartze osoa eta autonomia exijituko lukete. Berrocalek aurkeztu erronkarako tenplerik ote duen asmatzea ez da erraza. Berez, aurpegi ezagunak errepikatzeari laga eta apustu freskoren bat behar du klubak, garai batekoen gisako iraultza kopernikarra. Nondik irits daitekeen ez da ikusten oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.