Lleida ostera ere ACB ligako taldea da, hemeretzi urteren ostean. Eta zelan, gainera, erakustaldia emanda igo baita. Egiari zor, katalanek gehiago sufritu zuten finalerdian Burgosen aurka (77-80), finalean Estudiantesen aurka baino (70-85). Hasieratik jarri ziren aurretik (4-21), eta Madrilgo taldeak bederatzi minutu behar izan zituen jokoan lehen saskiraketa sartzeko. Sufrikarioa izan zen Estudiantesentzat. Beste urtebetez ate joka geratu da.
Forza Lleida kluba lehen aldiz ariko ACB ligan, 2001tik 2005era maila nagusian aritu zena Lleida Basquet izan zelako. 2012an, berriz, kluba berrantolatu behar izan zuten. Kataluniako bost talde ariko dira hurrengo denboraldian gorengo mailan: Lleida, Girona, Manresa, Joventut eta Bartzelona. Duela hogei urte ere hiri berdinek bat egin zuten. Gertutasunagatik Andorra ere sar genezakeen multzo horretan. Ez da kasualitatea. Harrobian ere txapeldunak izan ohi dira katalanak, nesketan zein mutiletan, kluben artekoan zein selekzioen artekoan.
Estudiantesek, ordea, beste urtebetez jarraitu beharko du bigarren mailan. Txapelketa benetan gogorra da, berdintasun handikoa, eta bakarrik bi talde igotzen dira. ACB ligatik jaitsi diren azken zortzi taldeetatik bakarrak lortu du ostera ere igotzea: Andorrak. Bilbo Basketek lortu zuena, adibidez, jaitsi bezain laster igotzea, ez da ohikoena inondik inora ere. Meritu handiko lorpena da, denboragaz konturatu garena. Datorren sasoian berriro hautagai asko egongo dira lehen postuetako borrokan. Klasikoak asko daude: Obradoiro, Palentzia, Estudiantes, Burgosko bi taldeak, Gipuzkoa Basket... Primera izena jarri diote mailari, eta izena aukeran datorkio, primerako txapelketa izango baita.
Behean
Gizonezkoetan, jaitsierak kasu gutxi batzuetan bakarrik dakar klubaren desagerpena. Emakumezkoetan, ordea, nahi baino gehiagotan gertatzen da. Bembibre hamabi urteren ostean jaitsi da bigarren mailara, eta uko egin dio ez bakarrik maila horretan lehiatzeari, baita edozein mailatan aritzeari ere. Zor asko omen dituzte, eta kontuak ez zaizkie ateratzen. Bartzelonak, bai, Bartzelonak ere, uko egin dio maila nagusian jokatzeari. Horregatik, plaza aldaketak izaten dira askotan emakumezkoetan, goitik behera eta behetik gora. Egonkortasun falta handia dago oraindik ere, epe laburrerako konponbide barik.
Baina ez da bakarrik maila nagusiko taldeen kontua, bigarren mailan ateratzeko ere klub asko arazoak izaten ari dira. Eta batek baino gehiagok uko egingo diote. Eta oraindik jokalarien profesionaltasunerako akordioa ez delako bigarren mailara iritsi, bestela, beste horrenbeste gorabehera egon zitezkeen.
Erdibidean
Ni ere klasiko samarra izango naiz: gauzak goitik behera edo behetik gora egitea gustatzen zait, hau da, ordena batekin. Horregatik, Kamar Baldwinen fitxaketak apur bat erdibidean utzi nau. Espero dut Baldwin hau ondo ateratzea. Batetik, oraindik Baskoniak ez duelako iragarri nor izango den datorren denboraldiko entrenatzailea. Dusko Ivanovicek ez zuela jarraituko arin esan zuten, baina haren ordezkoa zein izango zen ez. Agian, oraindik bere taldearekin lehiatzen ari delako. Halere, asko atzeratu ezin den erabakia izan beharko litzateke: erreferentea, burua, oraindik askotan entrenatzailea baita.
Bestetik, gasteiztarrek atzerritarrentzako bi tokiak dagoeneko bete dituztelako. Egiari zor, gaur egun zailagoa da kupo edo europar egokiak aurkitzea estatubatuarrak baino. Kalitatezkoak, behintzat, bai. Hori bai, oraindik ere aldeak ezartzen dituztenak bigarrenak dira. Horregatik da hain garrantzitsua horiekin ondo baino hobeto asmatzea. Horrez gain, deigarria da arabarren lehen fitxaketa antolatzaile bat izatea; denboraldi honetan zaleek hainbeste itxaron duten jokalaria da. Hain zuzen ere, Baldwin arreta ematen duten jokalari horietako bat da. Markus Howardek hori behar du: begiek beste alde batera ere begiratzea. Alde horretatik, ondo elkar ulertu eta konpondu daitezkeen jokalariak izan daitezke.
Orain, fitxaketen gorabeheren txanda da: egunero baten bat, zurrumurru bat, batetik edo bestetik, behetik edo goitik.