Aspaldiko zabalena. Berdinduena. Onena. Askotako izenondoak jarri zaizkio bihar Zaragozan hasiko den Espainiako Kopari. Behintzat, honek izango du euskal ordezkaririk, bakarra: Lointek Gernika Bizkaia. Azken jardunaldietako emaitzek hautagaien zerrenda apur bat zabaldu dute. Hala ere, zaila izango da ezustekoak egotea. Hauek dira kanporaketak: bihar, Girona-Gernika eta Valentzia-Jairis partidak jokatuko dituzte, eta, etzi, Perfumerias Avenida-Estudiantes eta Zaragoza-Kanaria Handia.
Ezintasunak
Final-laurdenetan ezustekoak ematen iaioa da Gernika. Iaz ez, baina aurreko hiru urteetan final-laurdenetako kanporaketa gainditu zuen urtero; batzuetan, zerrendaburu moduan, baina, gehienetan, faborito izan barik. Hain zuzen ere, duela bi urte Zaragozan jokatutako kanporaketa bera jokatu zuten Gironak eta Gernikak, eta bizkaitarrak nagusitu ziren. Denboraldia gorabeheratsua izan da orain arte bizkaitarrentzat; batez ere urrutiko jaurtiketetan duten eraginkortasun eskasa garesti ordaintzen ari dira: ligako portzentajerik apalena dute; ez da %27ra heltzen. Awa Famen gainean beldur barik jotzen dute defentsek, eta, gernikarrek arazoak dituzte laguntza luze horiek zigortzeko. Horrenbestez, defentsak gero eta gehiago ixten dira zonari dagokionez.
Gironak, ordea, markarik onenetan bigarrena dauka hirukoetan; zerbaitengatik da puntu gehien sartzen duena: batez beste 80 puntu sartzen dituzte partidako. Hemen ere euskal ordezkaria badaukagu, ikusi ezingo badugu ere. Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak ezingo du taldea zuzendu, zazpi jardunaldiko zigorra jarri baitzioten Valentziaren aurkako ligako partidan epailearen bila kantxara sartzeagatik. Haren laguntzailea gidatzen dabil aulkitik. Girona ligako liderra da: lau partida baino ez ditu galdu, eta azken bostak irabazi egin ditu. Hautagaien artean joera onena duen taldea da.
Indartuta
Hala ere, hautagai nagusia Valentzia da. Izenez izen, talderik onena dauka. Iaz, Espainiako Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituen. Aurten, berriz, Euroligako Lauko Finalerako sailkatu da. Jokalari asko ditu, eta, hori gutxi balitz bezala, urtarrilean Leo Fiebich, 2023ko eta 2024ko ligako jokalaririk onena, fitxatu zuten, eta, otsailean, Raquel Carrera berreskuratu zuten Kopan lesio larria izan eta urtebetera. Baina ligako azken hiru partidak galdu ditu, eta horrek zalantza eragin du. Gainera, diru inbertsio handia egin duen talde bat izango du aurkari, Jairis: zerrendaburu ez direnetatik aurkaririk arriskutsuena, alegia. Jairisek ere merkatura jo du, eta Frida Eldebrink eta Reshanda Gray fitxatu.
Zerrendaburu guztiek bereganatu dituzte jokalariak azken asteetan, batez ere hautagaiek: Gironak, Imani Tate eta Natasha Mack; Perfumerias Avenidak, Sierra Calhoun; eta, Zaragozak, Shante Evans eta Brianna Fraser. Gernikak ere fitxaketa bat egin du, baina bestelako aurrekontua edukita. Gainera, Mikaila Pivec estatubatuarra espero baino okerrago aritu da, eta taldeak erabaki du haren kontratua etetea.
Euroligarako sailkapena jokoan
Kopan, halaber, datorren denboraldian Euroliga jokatzeko aukera bat egon daiteke jokoan. Hala ere, duela bi urte Zaragozarekin pasatu ez bezala, txapeldunak ez dauka ziurtatuta tokia Europako txapelketarik onenean. Orain, ligak hartu du garrantzi handiagoa, eta, logikoa da, kontuan hartuta Kopak lau egun bakarrik hartzen dituela. Ligako txapeldunaz gain, liga erregularreko liderrak eta bigarren sailkatuak aurretik daude meritokraziari dagokionez.
Merituak, baina, irabazi egin behar dira, eta, sasoi honetan, zerrendaburuei ohi baino garaipen gehiagok egin diete ihes. Perfumerias Avenidak, esate baterako, galdu egin zuen Lugon (Galizia), azken jardunaldian. Valentziak, berriz, Estudiantesen aurka galdu zuen, etxean. Baliteke Kanaria Handia izatea aurkaririk samurrena. Joventut eta Ferrol kanpoan utzita, azken orduan sailkatu zen. Galiziarrak aurkari benetan arriskutsua izango lirateke orain, Eurokopako finalerako sailkatu eta gero. Eta ez, Eurokopako txapelduna ez da sailkatuko Euroligarako.