Biharamuna. Nori ez zaio gertatu noizbait? Parrandaren bat egin, ospakizunen batean festa luzatu, eta biharamunean ikaragarri sufritu, gorputzari buelta eman ezinik. Zer esanik ez buelta eman behar horretan gorputza martxan jartzea eskatzen duen zerbait egin behar bada. Nagitu, alfertu egiten da gorputza, eta gogogabetu kemena ematen duen osagai garrantzitsuena: burmuina. Adimenik gabe, giharrei aginduak bidaltzen dizkion tresna itzalita, ezinezkoa da egiten dena ondo egitea. Uxue Bilbo Basketek egunak eman ditu zeruan, Eurocupeko finalerako txartela ospatzen. Igande eguerdian esnatu zen, esnarazi zuen Fuenlabradak. Atsekabea Bilbon, sailkapeneko laugarren postua urrundu egin delako apur bat, eta atsekabea Donostian, haien etxeko lanak egin ostean, jaisteko postuetan jarraitzen dutelako, kontrakoa espero zutenean. Baskoniarena Malagan, beste adibide on bat kirol honetan ere buruak gorputzak baino gehiago agintzen duela berresteko. Poza Moskun, buruko mina Malagan.
Bi hutsegite jarraian. Uxuek egin dituenak, eta liga erregularra lau onenen artean bukatzeko erronka zailxeago jarri diona. Manresan galdu zuen, Kieven Eurokopako finala jokatzeko txartela erdi lotu ostean, eta herenegun bigarrena, Charleroiko bidaiako prestakuntza prozesu bete-betean. Hasieratik ikusi zen bizkaitarrak nahi eta ezin zebiltzala, erreakzionatzeko gaitasunik gabe, eta partidako bi unetan izan ezik, Fuenlabradak lege onez eta estutasun handirik pasatu gabe lortu zuen urrea balio duen garaipena. Bilbokoek bi garaipeneko aldea dute zortzigarren sailkatuarekiko, eta ezin dute opari gehiago egin. Eurokopako finalera joan den sasoian zortzi onenen artean sartu zelako iritsi da. Horrek ematen du arrakasta. Europan titulua lortzea garrantzitsua da, baina etxeko liga zortzi onenen artean bukatzea ere bai.
Barkatzeko modukoa. Mirariak egitea zaila da. Baskonia barren hustu egin zen Moskun, Euroligan Europako zortzi onenen artean sartzea eman diezaiokeen garaipena lortzeko, eta horrek bere ondorioa izan zuen: zartako latza Malagan. Moskutik Andaluziarainoko bidaia nekosoak ez zien arnasa berreskuratzeko tarterik eman, eta bi jokalarik bakarrik eman zuten neurria: San Emeteriok eta Causeurrek. Barkatzeko moduko okerra da, gauzak ondo arabarrek ondo lotua dutelako sailkapeneko bigarren postua. Moskuko hutsegiteak ez zeukan bueltarik; Malagakoak, bai. Etzikoa ere irabazi beharrekoa da, eta irabazten badu, inor ez da gogoratuko Unicajak emandako astinduarekin. Talde dinamika onari kalte egiten diola? Bai. Tamainako jarrera traketsik ezin dela erakutsi? Baita ere. Siena menderatzea baino ukendu hoberik ez du izango Gasteizko taldeak.
Erdibidean. Lastima, Fuenlabradak Miribillan irabazi izana. Nahi duenak kontsolamendua erraz bilatzen duela esaten da, eta Lagun Arok bilatuko du. Denboraldiko sasoi puntu onenean baitira donostiarrak. Seitik lau irabazi dituzte, martxoan bostetik bat, eta etxean sendo ari dira: lautik lau. Kanaria Handia lege onez menderatu zuten, bigarren zati bikaina eginda, eta bukaeraraino borrokan jarraitzeko prest dagoela esaten ari zaie aurkariei, Fuenlabradari eta Sevillako Cajasoli. Andaluziarrek garaipen bat gehiago dute, eta average-an 16 punturen aldea, baina Illunben jokatuko dute bi aste barru. Hurrengo jardunaldian Zaragozan jokatuko du Lagun Arok, plaza zailean, baina Bilbo eta Gasteiz ere plaza zailak dira, eta txukun aritu zen bietan. Bai Fuenlabradak bai Cajasolek larunbat arratsaldean jokatuko dute. Berea ondo egiten ari da Lagun Aro, besteen laguntzatxoa ez litzateke batere gaizki etorriko.
Zonakako defentsa
Gau alaiak, goiz tristeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu