'LUGAÑENE' BASERRITIK

Garaipena!

Usue Molina.
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iritsi zen eguna. Kontxako estropaden bigarren jardunaldia. Denok genuen buruan Kontxako Bandera etxean geratzea posible zela. Aurreko estropadan etxeko lanak egin eta 1,64 segundoren aldearekin hasi genuen denboraldiko azkeneko astea. Hala ere, aurkari gogorrak genituela ere jakin bagenekien.

Ohorezko txandan, aurkari zuzena ondoan genuen, eta, emozioz beteriko estropada bat izango zela jakin genuenean, estatxa hartu eta gure lanarekin hasi ginen. Oriok estropadako burua hartuta, taldeak ez zuen etsi, eta ziabogaren ondoren hasi zen benetako borroka. Parez pare izan ginen azkeneko metroak arte eta azkenean balantzak gure alde egin zuen.

Orduan hasi zen benetako festa! Kirol talde gazte bat izanik, arraun munduko deialdi handienaren saria eskuan genuen. Gure hiriko bandera! Kontxako Bandera! Emozioz beteriko momentuak izan ziren, deskribaezinak. Harrotasuna, ilusioa, poza...

Oztopo askoren gainetik, lortu dugu Kontxako Bandera irabaztea. 71 urteren ostean, guretzat eta hiriarentzat lortu dugu. Ahaztu gabe Donostiako lehen emakumeak izan garela sari hau lortzen. Historia egin dugu.

Gure denboraldia igandean bukatu genuen, baina, hurrengo astean, sailkatze estropadak izango dira. Beraz, zorte on partaide guztiei!

Jarrai dezagun emakumezkook kirol munduan historia egiten, asko dugu borrokatzeko eta! Gora Donostia Arraun Lagunak! Hurrengo urtera arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.