mikel reina
Hirukotik

Gara(pen)

2025eko urtarrilaren 14a
05:05
Entzun

Denboraldiak aurrera joan ahala, taldeak garatuz doaz. Jokalariak elkar gehiago, eta normalean hobeto, ulertzen hasten dira, sinergiak sortzen dituzte, eta bakoitzaren indarguneak identifikatzen. Entrenatzaileekin duten harremana ere estutuz doa, eta joko estiloa eta egoera bakoitzari aurre egiteko jarrera eta konponbidea ezartzen dira. Teknikoki eta taktikoki ere aurrerapenak izaten dira, eta xehetasunak gehiago eta hobeto ulertzen dira. Garapen bat egoten da. Benetako talde bat sortzen da.

Onerako eta txarrerako

Pablo Lasok orain arte ez du garapenik lortu. Egiari zor, epe ertain-luzerako proiektua dauka gasteiztarrak esku artean, baina, beti bezala, orainaldiak agintzen du. Baskonia onena eta txarrena egiteko gai da, egun berean, aste berean, eta egun batetik bestera. Asteazkenean, astindua eman zion Coruñari, eta ezinezkoa zirudiena lortu: puntu alde positiboa izatea, -42rekin egon ostean. Lau egun geroago, ordea, astindua hartu zuen Gironan. Horren ondorioz, Espainiako Koparako sailkatzeko ia aukerarik gabe geratu da. Aste berean gertatu zaio hori. Talde bera den galdetuko dute askok. Talde bat diren ere galdetuko dute beste askok.

Eboluzioa baino gehiago, inboluzioa du. Baina ez taldeak, klubak baizik. Miraririk egon ezean, azken sei urteetan laugarren urtez geratuko da Kopatik kanpo. Baina Lasoren ustez, hori ez da porrota, «etsipen hutsa» baizik. Horrela sentituko dira zale asko, etsita, dagoeneko ezta haserre ere. Proiektu faltak edo planifikaziorik ezak eraman du gaur egungo Baskonia bihurtzera. Gasteiz beste hiriburu batzuekin alderatuta txikia dela, handia dela orain arte egindakoa, agian orain artekoa ez dela erreala izan, agian gaur egungoa dela berez ohikoena... Hori guztia esan dezakete batzuek, baina zaila da ulertzen.

Ez baita Kopa bakarrik. ACB ligako kanporaketetarako sailkatzeko ere gogotik egin beharko baitu lan taldeak. Koparekin gertatutakoak ideia bat eman dezake taldeen nondik norakoen inguruan. Baina, era berean, kontuan izan behar da bigarren itzuliak are eta gogorragoak izaten direla, behealdeko taldeak beharrizan handiagoa dutelako edota talde askok fitxaketak egiten dituztelako.

Gainera, Baskoniak ez dauka aste erraza Euroligan. Olympiakos hartuko du gaur (20:30) eta Panathinaikos ostiralean (20:30). Baskonia edozertarako gai da, onerako eta txarrerako; beraz, edozer gerta daiteke Zurbaon. Argi dagoen bakarra da arabarrak play-in postuetatik hiru garaipenera daudela eta irabazten hasi beharra dutela borroka horretan sartzeko. Alde horretatik, asteko bi partidek ez dirudite aukerarik onenak, eta hamargarren postua are eta gehiago urrundu daiteke. Hau da, Baskoniaren denboraldia agian ez da apirilaren 10ean (Euroligako fase erregularreko azken egunean) edo maiatzaren 30ean (ACB ligako azken jardunaldian) amaituko, lehenago baizik; noraezean geratu daiteke taldea, eta ez bakarrik sailkapenari erreparatuta.

Bost

Konparazioak ere etsigarriak dira, eta askotan ez dute zentzurik. Baina denboraldiak aurrera joan ahala zentzua edo logika ezartzen da. Euroligan batez ere. Hain zuzen ere, Greziako bi taldeek bi sailkapenetako lehen bi postuak hartu dituzte. Paris izan da lehen hilabeteetako talderik onena, batez ere aurreikuspenak behintzat ez zituztelako hainbestekoak. Era berean, Tiago Spliterren etorrera berria izan arren, jokalarietako askok ondo ezagutzen zuten elkar, eta horrek mesede egiten du beti. Heldu berria izanda, aurkariek ez zuten hainbesteko informaziorik Parisi buruz, eta frantziarrak erabateko erakustaldiak egin dituzte.

Baina Euroliga zerbait bada, gogorra da, eta gaur egun, batez ere luzea. Eta Parisi luze egiten ari zaio. Bost partida galdu ditu jarraian, eta seigarren postuan dago orain. Bayern Munichek agian ez ditu hainbeste laudorio jaso, baina aurreikusi baino askoz hobeto aritu den Euroligako beste taldea da.

Bestalde, Real Madril dago. Hura orain hasi da martxa hartzen: azken bost partidak irabazi ditu. Neurketa kopuru handiaren jakitun, orain artekoa denboraldiaurrea izan du. Gainera, lesioak izan ditu.

Azken batean, taldeen helburua da jokalariak, batez ere, euren buruan pentsatzetik era kolektiboan pentsatzera pasatzea. Hori da garapena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.