Nahiz eta garai hartan Athleticek oraindik ez jakin, etorriko zenaren aurrekaria izan zen Erroman jokatu zuen Europa ligako ligaxkako lehen partida hura. Azaroan, italiarrek Ivan Juric kendu zuten entrenatzaile kargutik, eta Claudio Ranierik hartu zuen haren tokia.
1-3-4-3tik abiatuta, hiru erdiko atzelari oso zehatzak dituzte, baita hegaleko bi denfentsa ere; eta, azkenik, barrutik lau jokalari, bi altuera ezberdinetan mugitzen direnak. Hori izan zen, hain zuzen ere, iraileko partidan Ahletici min handiena egin zioten gauzetako bat. Balzani ederki mugitu zen zuri-gorrien euskarri bikoitzaren presio jauzien bizkarrean. Ranierirekin Pellegrinik egiten du lan hori, eta haren ondoan Dybala daukagu. Hala, gauza bat argi dago: Athleticek kanporaketa gainditu nahi badu, Dybala ezin da lerroartean agertu.
Angeliño oztopatzea
Athleticek Erromaren baloi irteeran egindako presioa izan zen norgehiagoka hartako beste gakoetako bat. Iñaki Williamsek eta Djalok kanpotik barrurantz zuzendutako presio mugimenduak egin zituzten, lehenak eskuinean eta bigarrenak ezkerrean, Erromako alboetako atzelariek hegaleko defentsekin bat egin ez zezaten. Iñaki Williamsek zainduko du gaur Ndicka, eta oso garrantzitsua izango da azken horrek Angeliño ez aurkitzea. Izan ere, hura da Erromako taldeko baloi iragazlerik onena. Hamar pasetatik zortzi ondo ematen ditu. Lotura nagusiak aurreratuen jokatzen duen jokalariarekin egiten ditu, hau da, Shomurodovekin edo Soulerekin, Dovbyk lesionatuta baitago. Lehen aipatutako Pellegrini eta Dybala aurkitzeko ere gai da.
Zelai erdiko presioa egokitzea
Baloia duenean Erromak daukan egitura Athleticenarekin alderatuz gero, ikus daiteke jokalari bat gehiago daukala zelai erdian. Ondorioz, zuri-gorriek ezingo dute euskarri bikoitza askatu presioan, Dybalaren eta Pellegriniren bi baten aurkakoa saihesteko.
Bestelako aukerak irteeran
Ranieriren taldeak presio oso-oso oldarkorra egiten du. Hori da haren ezaugarri nagusia. 1-3-1-4-2 baten antzeko itxura hartuko dute, zelai osoan jokalariz jokalari parekatzeko. Sanceten hutsunea nabarmentzekoa da, Athleticek aurkariaren lehen presioa gaindituta barrutik buelta emateko gaitasuna galtzen duelako. Aurrelaria bilatu behar dute zuzenago, italiarren erdiko atzelariak lekutik ateratzea eragiteko.
Çelik, eskuinetik aritzen den erdiko atzelaria, erreaktiboena da alde horretatik. Beraz, ezin da baztertu Sannadi hamaikakoan agertzea zeregin horretarako. Nico Williamsentzat egokiak diren egoerak sortzeak ere final-laurdenetara gerturatuko du Athletic.
Betiereko krisia
Realak, berriz, Manchester United izango du aurrean. United ez dago bere onenean. Igandean, FA Cup txapelketatik kanpo geratu zen. Kanporatze hori azken urteetako dinamika txarraren jarraipena baino ez da.
Txuri-urdinen aurkaria nekeak jota iritsiko da, igandean luzapena eta penaltiak jokatu ostean. Baina, era berean, Europa liga da titulu bat irabazteko duen lehiaketa bakarra.
Unitedek Erromaren antz handiagoa du forma aldetik, funtsean baino. Gaur egungo futbolaren joeren ildotik, italiarren sistema bera erabiltzen du. Baina emaitza oso ezberdinak lortuta. Jokoa sortzeko dituen arazoetatik haratago, baloirik gabeko unea da haren benetako gabezia, bai defentsaren trantsizioan, bai areako defentsa lanean. Realak ere gabezia horiek ditu defentsan.
Imanolen taldeak elastikoaren eta historiaren aurka borrokatu beharko du, baina gutxitan egingo du topo hain egoera txarrean dagoen talde handi batekin.
Bruno Fernandez eta Zirkee geldiarazi
Ingalaterrako taldea Bruno Fernandesen mende dago baloia ateratzekoan. Erdian jokatzen duen erdiko atzelariak bere posizioa aurreratzen du euskarria balitz bezala, hiruko irteeran Brunok bat egin dezan. Ezkerrera alboratzen da, Dorguk altuera hartzen duen bitartean. Realak Bruno nola geldiarazi erabaki beharko du, baina bere zelai erdia hustu gabe. Izan ere, han dago Zirkee, baita Garnacho ere.
Erasoko bi hegalak lerro artean mugitzen dira, jokoa azkartzeko asmoz. Ingelesen euskarri bikoitzak, ordea, ez du baloi askorik hartzen. Haien lana aurkariaren erdilariak finkatzea da, Mazraouiren eta Zirkeeren arteko pase lerroa errazteko. Realak sendo egon beharko du barrutik baloia ez duenean.
Kubo De Lighten bizkarrean
Ingelesen hiruko defentsa lerroak arazo asko ditu taldeak baloia galtzen duenean, batez ere ezkerreko aldetik. Dorguk erasora jotzen duenean, De Light oso agerian geratzen da. Brunoren pase lerroen mozketa bakoitza, hain zuzen, De Lighten bizkarrera egindako kontraeraso azkar bihurtu beharko luke Realak.
Bi areak menderatzea
Erasoan dituen gabeziak geldikako jokaldien bidez konpondu izan ditu behin baino gehiagotan Unitedek. Hor ere Bruno da protagonista. Jaurtitzaile bikaina da, eta, gainera, Unitedek errematatzaile onak ditu.
Haatik, arazo handiak ditu bere arean egiten dituen zaintzetan. Zonakako defentsa egiten dute, eta ,Real Madrilen aurkako Kopako partidarekin alderatuz, garrantzitsua izango da Realak bigarren lerrotik datozenei begiratzeko gaitasuna hobetzea. Imanolek zuzentzen duen taldea sendo ibili behar du bi areetan.