Itzuli gara Ozeano Atlantikotik. Kantaurialdean gara berriz ere, eta badirudi gauzak pixkana-pixkana gero eta argiago daudela. Lehenik eta behin, aurtengo San Miguel liga erregulartasunaren liga izango zela esaten genuenok bete-betean asmatu dugu, bai, behintzat orain arte gertatu dena kontuan hartuz gero. Izan ere, inoiz baino parekotasun handiagoa dago, eta oso garbi geratu da edozein ezbehar edo baldintza aldaketak sailkapenean sekulako eragina izan dezakeela.
Asteburu honek lider berria ekarri du San Miguel ligara: Astillero. Ez du oraindik ikurrinik irabazi, baina lehena da sailkapen nagusian. Zergatik? Erregulartasun izugarria erakusten ari baita. Sailkapeneko beheko postuetan, ordea, Camargo eta Orio daude. Bi ontzi horiek zoritxarrez beste mota bateko erregulartasuna erakusten ari dira, eta nekez aterako dira postu arriskutsu horietatik.
Moañako estropada eremuari begira, asteburu honetan ez da kaleetan aparteko alderik eman. Bai, ordea, txanden artekoa, askotan Galiziako haizeak boladaka jotzen baitu. Hori gutxi balitz bezala, haize aldaketa txiki batek berehala harrotu egiten du ura, eta txanden arteko aldeak areagotu.
Estropadez aparte, beste mota bateko ekintza bat egin da asteburu honetan ligaren barnean. Larunbatean, TKE ligako ordezkariek klub guztioi dopinaren aurkako neurri berrien inguruko hitzaldi batera joateko gonbidapena luzatu ziguten. Tamalez, antolatzaileek berriz ere hanka barruraino sartu dutela erakutsi dute, eta haien aukeretatik kanpo dagoen neurri bat adostu dela argi utzi digute: ezin izan digute argitu nola egiaztatuko den legea beteko den edo ez. Nola jakin talde batek legea hautsi ote duen? Ezin bada bermatu legea beteko dela, zertarako sortu?
Argi dago denok dopinaren aurka egon behar dugula, baina horretarako zentzuzko neurriak adostu behar ditugu. Denon artean. Oraingoan, argi geratu denez, haiek kontrolatu ezin duten lege bat aurrera atera dute, haien erabakietan ere desadostasunak sortuz. Horrela ez goaz inora.
Trapailazko olatutik
Finkatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu