Nerea Zusberro Alberro.

Finalik onena

2024ko maiatzaren 25a
05:05
Entzun

San Mamesen jokatuko da gaur Txapeldunen Ligako finala, eta Europako bi talderik onenak izango ditu aurrez aurre. Alde batetik, Bartzelona. Herrialde Katalanetako talde hori emakumezkoen futbolaren hazkundearen paradigma da, eta izarrez beterik dago. Iaz irabazitako titulua berriz lortzeko, Lyon gainditu beharko du, Txapeldunen Liga gehien irabazi duen taldea: zortzi. Horrez gain, zelaian Euskal Herriko bi jokalari izango dira: Irene Paredes Bartzelonarekin, eta Damaris Egurrola Lyonekin. Baina zer espero dezakegu finalik onenetik?

Jokoari dagokionez, bi taldeek bertute eta ahulgune desberdinak dituzte. Bartzelonak nahiago du joko konbinatiboa egin. Horretarako, bere blokea aurkariaren zelaian finkatzen du, eta batez ere barrutik sortzen ditu abantailak. Lyon zuzenago jokatzen duen taldea da. Fisikoki oso jokalari menderatzaileak ditu, eta eraso azkarrak egiten ditu, batez ere kanpoko lerroetatik abiatuta. Hauek dira partidaren gakoetako batzuk:

Damarisen alboak

Lyonek Bartzelonaren baloi irteerari zer altueratan presio egingo dion alde batera utzita, haren euskarria, Damaris, oso agerian geratzen da beti taktikoki. Bloke altuan 1-4-1-3-2 marrazkia erabiltzen du Sonia Bompastorren taldeak, eta bloke ertainean, 1-4-1-4. Bi kasuetan, Bartzelonak kopuru nagusitasuna izango luke barrutik; baita posizioan abantaila ere. Izan ere, Aitana Bonmati eta Patri Guijarro erdilariak Damarisen alboetan kokatuko dira lerro artean baloia jasotzeko.

Salmaren mugimenduak ezkerreko sektorean

Bartzelonak, barruko erdilariak aurkitzen dituenean, erraztasunak izan ditzake ezkerreko sektorean aurrera egiteko. Batez ere Renarden bikotekidea Guilles baldin bada. Argi dago Salmak banakako abantaila izango duela, barrutik kanpora egindako mugimenduen bidez. Gainera, Lyonek adi egon beharko du Rolfok edo Ona Battlek Bartzelonaren jokoari emango dioten sakontasunarekin, buruz buruko egoerak sor baititzakete Carpenterrekin. Batez ere, Dianik defentsan laguntzen ez badu.

Lyonen irteera zuzenak eta mistoak

Ohikoa da Lyonek Renarden pase luze ona erabiltzea Dumornay bilatzeko. Are gehiago kontuan izanda Bartzelonak goian estutuko duela. Haitiko jokalariak bikain jokatzen du bizkarrez. Baloia babestuz, ezkerrerantz bira egiteko joera dauka Cascarinorekin, zeina buruz burukoetan desorekatzailea baita. Eskuinean berdin gerta daiteke Dianirekin. Lyonen eraso azkarretan garrantzi handia dute bigarren lerrotik iristen diren jokalariek ere. Batez ere Damarisek eta Horanek oso jaurtiketa ona dute. Baina kontuz, Lyon bitan zatitzeko joera duen taldea baita. Dumornay ez baldin bada gai jokaldiari jarraipena emateko, kontraerasoa antolatzeko aukera ona izango du Bartzelonak.

    Geldikako jokaldiak

    Bacha jaurtitzaile handia da, eta Renard, errematatzaile bikaina. Erdiko atzelariak bigarren zutoina bilatuko du nabarmen. Aldi berean, Diani aldaratze eremuan jokalari erabakigarria da. Geldikako jokaldien estrategia lantzen duen taldea da Lyon. Finalerdietan, adibidez, PSGren aurka bi gol lortu zituzten horrela.


       

      Iruzkinak
      Ez dago iruzkinik

      Ordenatu
      0/500
      Interesgarria izango zaizu
      Nabarmenduak
      Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.