Aurtengo Kontxako Bandera ezohikoa izan da erabat. Hilaren lehenengo egunean jokatutako sailkatze estropadan gertatutakoa kontuan hartuta, bandera ez ezik bestelako postuak ere oso estu egongo zirela pentsatzen genuen. Handik hiru egunera, ordea, Kontxako Banderako lehenengo jardunaldia jokatu eta gero, planteamendu guztia hankaz gora geratu zitzaigun, bai arraunlarioi bai jarraitzaileei. Nola egin behar genion aurre Kontxako bigarren estropada egunari? Arrain guztia salduta geratu zen lehenengo jardunaldia bukatu aurretik, eta hori bidezkoa ez izateaz gain, kolpe izugarria izan zen. Hala eta guztiz ere, igandean estropuak hartu eta arraunetan sartu genituen beste behin ere, daukagun onena emateko asmoz.
Lehenengo txandan gauzak ez zitzaizkigun nahi genuen bezala atera, eta Hondarribia gailendu zen, eguneko bigarren denborarik onena eginez. Ohorezko txandan, berriz, Urdaibaik Kaikuren eraso ahaleginari eutsi zion, eta horrek Kaikuko arraunlarien konfiantzan eragina izan zuen, bigarren luzean amore emanda aritu baitziren. Donostiarrakoek, ordea, irabazle izan balira bezala gozatuko dute ustekabean lortutako laugarren postuarekin, lehen igandean lortu zuten errentari eutsita nahikoa izan baitzuten. Hala, sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan bigarren jardunaldian, eta lehenengoa jokatuta zeuden postuak bere horretan geratu ziren. Eguneko ezusteko bakarra iragarritako olatu handien gabezia izan zen.
Bukatzeko, nire eskerrak eman nahi nizkieke gure ondoan egon diren lagunei, gugan konfiantza galdu gabe eta behin eta berriro animoak ematen aritu direnei. Izan ere, momentu gogor hauetan izaten dira beharrezkoak honelako keinu apal baina hunkigarriak. Nola ez, bereziki eskertu behar diot marea arrosari, haiek izan baitira oilo-ipurdia jarri digutenak, bai herrian, bai Donostiako portuan. Esker mila guztioi! Dena merezi duzue!
Arrauna. Kontxako Bandera. Trapailazko olatutik
Ezusterik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu