Nahiaren albokoa. Ezina eta nahia. Nahi eta ezin. Batzuetan, elkarren ondoan jarrita ikusten ditugu. Futbolean ere bai. Galdetu, bestela, Athletici eta Osasunari. Herenegun gauean, bi zartako handi jaso zituzten. Nahi, nahi zuten emaitza ona atera, eta egin ere egin zuten ahalegina. Baina ezin. Gauza bat tarteko, bestea tarteko, ezina nagusi. Realari kontrakoa gertatu zitzaion, bera izan zelako Atletico Madrilen ezinaren eragile nagusia, partida ona jokatuz. Beste era bateko ezina ere bada: Mikel Aranbururen agurra definitzekoa. Nahi nuen jarraitzea, baina ezin izan da. Beste era bateko ezina da.
Jo eta ez jo. Athleticek galtzea ez da ohikoa denboraldi honetan. Are arraroagoa da San Mamesen astindua jasotzea. Bada, biak bete ziren herenegun gauean. Noren aurka, eta arerio historikoaren kontra. Gainera, zer eta Liga irabazi espainiarrek San Mamesen. Afaria kontrako eztarritik joateko osagai nahikoa. Jo egin zion Real Madrilek Athletici. Denboraldi honetan egin ohi duen bezala: gola erraz sartuz. «Ez daude, ez dira ari ezer egiten», eta halako batean, bi danbateko. Athletic saiatu zen Real Madril jotzen. Baina ezin. Langa zela, atzelari baten eskua zela, huts egitea zela, ezin sarerik urratu partida osoan. Etxekoek ez zuten kanpokoa jo. Horra bi taldeen arteko alde nagusia. Hori hala izanik, epaile jaunak ez zeukan zertan Athletic jo. Baina jo egin zuen, jo, astindu eta txikitu. Araudia bat eta bakarra da, baina Real Madril tartean bada, bitan banatzen dute epaileek. Bi adibide: Javi Martinez baloiak eskuan jo zuen, baina, hala ere, bigarren txartel horia atera zion. Kalera. Khedira ere jo zuen baloiak eskuan, bere atearen arearen barruan, baina bularra eta eskua ez ditu bereizten epaile jaunak. Beste adibidea: Mikel San Josek protesta egin zion, eta txartel horia ordainetan. Xabi Alonso imintzioka eta kexuka egon zen partida osoan, baina hori egiteagatik ez zion txartelik atera.Halako epaileek ez dute justizia banatzen. Ezina banatzen dute.
Oztopo gehiegi. Jar dezadan Osasuna lasterketa batean. Irteeran dago, eta helmuga ikusi egiten du, ez gertu eta ez urrun. Europarako bidea egin behar du. Valentzian da proba. Ibilbideari begiratu, eta oztopo batzuk ikusi ditu. Ohikoak. Beldurtzeko motiborik ez. Baina korrika hasi denean, aurrez ikusi gabeko oztopo bat azaldu zaio parez pare. Eta ezin izan du gainditu. Oraingo honetan ere, epailea oztopo. Bi jokalarik elkar jo, baina miraria! Etxekoaren oldarraldia eta indarra ez ditu ikusi; bai, ordea, kanpokoarena. Osasunako Lekic kalera. Oztopo horren eraginez azaldu zitzaion bigarren oztopoa: lasterketaren erdia baliabidez urri egin beharra, Valentziak ez bezala. Hala ere, eutsi zion ahal zuen moduan etxekoen erasoari. Jo batean, eutsi. Jo bestean, eutsi. Baina azkenean, boxeolari kolpatuaren antzera, erori egin zen Osasuna. Zerraldo. Ez zuen bukatu lasterketa. Ez zen iritsi Europarako bide osoa egitera. Nahi eta ezin.
Zelaian eta zelaitik kanpo. Realaren jiran, bi ezintasun aipatu behar. Bat ona, bestea txarra. Ona zelaiaren gainekoa da. Txarra, zelaitik kanpokoa. Onarekin hasita, ezinean aritu zen Atletico Madril herenegun arratsaldean bere zaleen aurrean. Realaren lan onaren eraginez. Neurketa ona jokatu zuen Philippe Montanierren jokalariek. Oinarria ere egokia jarri zuelako entrenatzaileak, partida ondo prestatuz, eta jokatzeko estrategia egokia ezarriz. Gero, jokalariek gauzatu zuten arduradun teknikoak prestatutakoa. Sendo aritu zen Reala, nortasun handiz. Eta garrantzitsuena: lehiarako gogoz eta gosez. Helburu nagusia gauzatu berritan, eta motibazioa galtzeko arriskuarekin, lehian jardutea ona da. Heldutasuna adierazten du. Orain, eskatzen hasita, eta egin duenari berriz egiteko eskatu behar zaionez, bide on horretan segitu behar dute denek.
Beste ezintasuna, zelaitik kanpokoa. Futbola utziko du Mikel Aranburu kapitainak. Pena. Nahi bai segitzea bera ez garen beste guztiok, baina ezin ezer egin. Nekatu egin da. Eta nazkatu ere bai, nire ustez. Realaren urterik zailenak pairatu behar izan ditu, ezegonkorrenak. Galdera honek dena azaltzen du: zenbat entrenatzaile eduki ditu? Denboraldi honetan, etxeko jokalariz betetako taldearen inguruan dagoen giro gaiztoak ere lagunduko zion erabakia hartzen. Aranburu neurriaren barruan ibiltzen da beti, eta futbolean aspaldi galdu zen neurriarena. Realaren inguruan ere bai.
Aulkitik begira
Ezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu