ainara arratibel gascon

Ezin izan dio lemari eutsi

2025eko apirilaren 25a
13:51
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hemendik joatea nahi badute, bota egin beharko naute; nik, behintzat, gogor heldu diot lemari». «Realaren partida gehien zuzendu duen entrenatzailea izatea gustatuko litzaidake, baina ez dut jarraitu nahi iraganean egindakoagatik. Irabazi egin nahi dut kontratu berritzea. Irabaztea ez da Kopa irabaztea edo Europa ligarako sailkatzea, baizik eta multzo honi etekinik handiena ateratzea, eta jokalari hauei hobeak izaten laguntzea». Imanol Alguacilen esanak dira horiek, eta argi erakusten dute denboraren poderioz bere jarraipenaren inguruan izan duen iritzi aldaketa. 

Azkenean, Realean ez jarraitzeko erabakia hartu du; ezin izan dio lemari eutsi. Ziurrenik ez da izan horretarako gogoa, nahia eta sentimendua ez zituelako. Baina denborak higatu egiten du, eta goi mailako kirolaren presioak, futbol zuzendariarekin izandako tirabirek, azkenaldian jaso dituen kritikek eta denboraldi honetan taldeak izan dituen gorabeherek bultzatu dute ez jarraitzeko erabakia hartzera. Pentsatu du beretzat eta Realarentzat horixe dela onena. 

Imanolek orain hartu du joateko erabakia. Baina ziurrenik iazko udan hasi zen horretan pentsatzen, orduko ajeak pairatzen ari baita klub txuri-urdina. Fitxaketak berandu iritsi ziren, eta ziur asko ez ziren izan Imanolek nahi zituenak. Denboraldiaurrean Japonian lagunarteko partida bat jokatzea ere ez zitzaion gustatu Imanoli. Baina Roberto Olabe futbol zuzendariak eta Jokin Aperribai presidenteak hartu zituzten erabaki horiek.

Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea, partida bat hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea, partida bat hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Sasoiko lehen partidaren atariko prentsaurrekoan Imanolek dagoeneko iragarri zuen zaila izango zela denboraldi hau aurrekoak bezain loriatsua izatea. Denborak arrazoi eman dio. Ligan taldea borrokan ari da seigarren aldiz jarraian Europarako sailkatzeko, nahiz eta zaila dirudien azken partidetan eman duen itxura kaskarra ikusita. Kopan finalerdietara iritsi zen, eta gertu izan zuen finala, Santiago Bernabeun partida ikusgarri bat jokatuta. Europan ere kanporaketa bat gainditzea lortu zuen azkenean, eta final-zortzirenetan utzi zuen kanpoan Manchester Unitedek. Itzuliko partidan epailearen erabakiek baldintzatu zuten talde txuri-urdina egiten ari zen partida ona. Duela zazpi bat urte Realeko edozein zalek sinatuko luke halako denboraldi bat. Oso denboraldi ona izango zen. 

Baina langa oso goian egon da jarrita azken urteetan, eta, jokoari eta sentipenei erreparatuta, denboraldia ez da ona izan. Imanolen aroak bi ezaugarri izan ditu. Taldeak hasieran joko ikusgarria eta zuzena egin zuen; denborarekin, berriz, atzean sendo egotea izan da haren ezaugarri nagusia. Denboraldi honetako Realak ez du ez bata ez bestea erakutsi. Mantso jokatu du, baloia alde batetik bestera mugituz, eta egungo futbolean zaila da horrela min egitea. Zuzen jokatu behar du, bizi. Gainera, azken bi denboraldietan bezala, golak sartzeko arazoak izan ditu. Defentsan ere bigun aritu da, lehen egiten ez zituen hutsak egin ditu, eta geldikako jokaldietan gol asko jaso ditu. Azken 17 partidetan behin bakarrik lortu du atea hutsean uztea.

Taldeak hasieran joko ikusgarria eta zuzena egin zuen; denborarekin, berriz, atzean sendo egotea izan da haren ezaugarri nagusia. Denboraldi honetako Realak ez du ez bata ez bestea erakutsi

 

Denboraldi honetan bi partidetan baino ez da ikusi azken urteetako Reala: Bartzelonaren aurka, ligan, Anoetan (1-0); eta Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeun, Kopako finalerdietan (4-4). Hori guztia emaitzetan islatu da. 20 porrot daramatza, eta gertu du marka negatibo bat. Izan ere, Realak 23 partida galdu ditu gehienez denboraldi batean. Bigarren itzulian, gainera, 14 puntu baino ez ditu lortu. Jokalari asko, halaber, espero zitekeen baino makalago aritu dira sasoi aldetik, eta fitxaketek ere ez dute joan zirenen maila hobetu.

Horren guztiaren isla izan zen asteazkenean Realak Alavesen aurka jokatu zuen partida. Taldea nortasunik eta konfiantzarik gabe aritu zen, eta jokoa geldoa eta kamutsa izan zen. Denboraldi osoan Imanol saiatu da tekniko-taktiko hori aldatzen, baina ez du asmatu, eta zenbait partidatan hartu dituen erabakiak ez dira egokiak izan. Gainera, ziurrenik denborak eragiten duen higadura tarteko, ez du lortu bere mezua jokalariengana iristea. «Denboraldi honetan ez gara gu izaten ari», esan zuten Mikel Oiartzabalek, Alex Remirok eta Martin Zubimendik, Gasteizko partida amaitu eta gero. Goi mailako kirola oso exijentea da, eta aldiro pertsonak aldatzea eskatzen du, txinparta berri bat sortzeko. Gertatzen den zerbait da, eta, hori jakinda, Imanolek ez segitzea erabaki du. Taldea Europarako sailkatuta ere, zail zirudien hurrengo denboraldian transmititu nahi dien hori berriro ere jokalariengana iristea. Gainera, goi mailako kirolak higadura fisiko, pertsonal eta psikiko handia sortzen du. Hori ez da ahaztu behar.

Imanolek beti izan du lotura estua zaleekin, eta azkenaldian kritika oso gogorrak jaso ditu, batez ere sare sozialetan. Harrigarria da hala izatea, lortu duen guztia lortu eta gero. Baina futbolak memoria laburra du. Langa oso goian jarrita zegoen, eta zaleak ohitu egiten dira taldea hain goian ikustera. Kontuan hartu beharrekoa da hori askotan zaila dela, eta Realak sekula lortu ez duena lortu duela azken aroan: bost aldiz segidan Europarako sailkatzea. Kritiketako asko bidegabeak izan dira, errespeturik gabe egindakoak, eta sare sozialetan izan daitekeen anonimotasunaren babespean eginikoak. Halakoekin berak ez ezik, gertukoek ere sufritzen dute, eta hori ez da bidezkoa. Imanol jabetu da ez zegoela adostasunik bere figuraren inguruan, eta horrek haustura bat eragin zezakeela. Hala, ez dio kalterik egin nahi izan klubari.

Bestalde, ziurrenik, bakarrik sentitu da. Askotan tokatu zaio klubaren ahotsa izatea, eta Olaberi eta Aperribairi zegozkien azalpenak eman behar izan ditu. Adierazgarria da klubak oraingoz agiri labur bat eta eskertza bideo bat baino ez atera izana agurraren inguruan, eta egungo taldeko jokalari bakar batek ere eskertza mezurik ez idatzi izana sare sozialetan. Agian egun batzuk hartu nahi izan dituzte dena baretzeko. Baina datorren igandeko Athleticen aurkako derbia baino lehen klubaren azalpenak merezi dituzte zaleek. Zentzugabea litzateke Imanolen atariko prentsaurrekoan baino lehen ez ematea. Bai Aperribaik, baina batez ere Olabek azalpenak eman behar dituzte. Ekainaren 30ean utziko du Reala, baina hark planifikatu zuen denboraldi hau.

Behin hori eginda, hurrengo entrenatzailea hautatu beharko du Realak. Erik Bretos futbol zuzendari berriak hartu beharko duen lehen erabaki garrantzitsua izango da. Izen asko aipatu dira: Julen Lopetegi, Michel Sanchez, Xabi Alonso, Sergio Francisco... Datorrena datorrela,  zaila izango du Imanolek egindako berdintzea, bai zelaian, bai zelaitik kanpo. Kostako zaio lema hark bezain ondo eramatea. Horretarako, Imanolek utzitako ondare aberatsa zaindu beharko dute bai hark eta bai klubak. Asko izan baita utzi duena, garaikur eta sailkapen kontuetatik harago. Realaren ohiko balioak indartu ditu, eta futbolaren garai berrietara egokitu ditu. Gainera, baliteke Realetik joatea taldea beste urtebetez Europarako sailkatuta. Eman eta utzi duen horrek aitortza bat merezi du, eta atea irekita utzi etorkizunean bueltatzeko, Imanol Realaren ondare baita.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.