Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Ez da zorte kontua

2013ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Alde batetik, gustura nago, ihesaldian sartzea zelako helburua. Baina, zer esango dizuet, ba... Behin ihesaldian sartuta, garaipena lortu beharra dago, eta oso zaila izan da. Hasieratik nabaritu dugu guztion gainetik zegoela Rui Costa. Sailkapen nagusian aurrean ibiltzeko moduko txirrindularia da berez, eta taldearen taktikaren eraginez ez da ari lehiatzen. Bukaeran bigarren mailako mendate bat egonda, gainera, hura zen hautagai nagusia.

Guztiok argi geneukan hori, baina, hala ere, mendatera iritsitakoan, bakar-bakarrik joan da aurrera. Nik argi neukan nire taktika: ahalik eta taldetxorik handienari eustea, hamabi kilometro zeudelako gero aldapa behera. Talde handiak azkarrago joaten dira beti txikiak baino, eta horretan saiatu naiz. Baina ezin izan dugu harrapatu Rui Costa. Pena izan da, behin horrelako ihesaldia harrapatuta eta helmugara iritsiko dela jakinda, etapa irabaztea delako helburu bakarra. Bai, oso polita da zazpigarren egitea eta zeure burua aurrean ikustea. Baina, Tourra hasi zenetik, etapa bat irabaztea da helburua, eta, zoritxarrez, oraindik ez dugu lortu.

Baina, tira, saiatzen jarraituko dugu. Taldea erakusten ari da ahal duen guztia egiten ari dela etapa hori irabazteko, baina nire kasuan ez dut uste zorte falta izan denik; zalantzarik gabe, Rui Costa izan da indartsuena, eta merezimendu osoz irabazi du. Mendatea hasi aurretik egon dira mugimenduak, talde batzuek txirrindulari bat baino gehiago zeuzkatelako aurrean. Baina horrelakoetan oso zaila izaten da kilometro asko bakar-bakarrik egitea; oso indartsu egon beharra dago horretarako, eta nik, adibidez, hain indartsu ez egonda, banekien azken kilometroan jo beharra neukala erasoa. Eta halaxe egin dut. Zoritxarrez, ordea, beste bost txirrindulari zeuden aurrerago, eta helmugan bertan pasatu nau seigarrenak. Hori zen nik irabazteko aukera bakarra.

Eta gaurkoa ez nuke amaitu nahi Joseba Belokiri buruz bi hitz egin gabe. Orain hamar urte hura erori zen jaitsiera berbera egin dugu bukaeran, eta harekin gogoratu naiz berriro. 2003an lurrean zegoen ni handik igaro nintzenean, eta, zoritxarrez, ia-ia hortxe amaitu zen haren kirol ibilbidea. Euskal Herrian egon den Tour gizonik onenetakoak, tamalez, horrelako jaitsiera batean utzi zion punta-puntan egoteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.