Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Ez da lan erraza izango

Ion Izagirre.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Egun gogorra izan da. Etapa ikusi baduzue, ziur nago sinetsiko didazuela. Egun osoa euripean pasatu dugu, blai eginda, eta, hori gutxi ez balitz bezala, amaieran ezinean ibili naiz. Aurreko egunetan erorikoak saihestu ditugu, baina oraingoan ezinezkoa izan da. Helmugatik zazpi kilometrora Pello, Alexei eta hirurok lurrera joan gara. Bihurgune batean izan da. Nik kolpea hartu dut gorputzaren eskuin aldean. Orain ez dut min askorik sumatzen, baina ikusi behar gaua nola pasatzen dudan. Askotan minak gehiago nabaritzen dira esnatzean.

Ez dago erorikoak izateko une aproposik, baina batzuk beste batzuk baino okerragoak dira. Erorikoak estutzera behartu nau. Taldekide batzuek itxaro naute—eskerrak berriz ere haiei—, eta aurrekoekin bat egin dugunean iritsi da Adam Yatesen erasoa. Arrastoa jarraitzen saiatu naiz, baina ezinezkoa izan da, eta denbora gehiago galdu dut.

Liderra oso indartsu dago, eta oso zaila izango da hura handik kentzea. Hiru etapa garaipen lortu ditu, eta gainsariak ere pilatzen ari da. Pisutsua da, handia, baina primeran moldatzen ari da aldapa gora ere. Zaratamon ikusi da nola erantzun dion Yatesen erasoari. «Eutsiko al dio?», horixe da mundu guztiak egiten duen galdera. Bada, orain arte ez du ahuleziarik erakutsi. Bikotz Gane erritmo bizian igo dugu, eta hark ondo erantzun du. Talde indartsua du alboan, gainera. Esandakoa, ez da erraza izango.

Arrate iritsiko da gaur, mendiko lehen etapa. Teoriak dio niri komeni zaidan ibilbidea dela. Lehen igoera Matsariatik egingo dugu, eta bigarrena errepidetik. Nahiago dut ordena hori bestea baino, aldapa gogor oso pikoak ez baititut gustuko, zaila baita aurrera egiteko abiadura hartzea. Hori gaur, eta bihar, azkena. Errepide liburuak dio badagoela non min egin, eta logikak taldean erasora jo behar dugula. Horretarako, baina, lehenbizi, gorputzari entzun behar zaio, eta ea zer moduz egiten dugun lo. Mina agertzen ez bada, eta indarrek eusten badiote, saiatuko naiz lehen postura gerturatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.