Danel Agirre.
SASKI DA!

Ez da «kudeaketa modernoa»

2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Komunikazioa, saltzeko. Buesa Arena kanpoaldeko taberna zigilatu berri dio Gasteizko Udalak Baskoniari. Duela bi hilabete zabaldu zenetik, lizentziarik gabe ustiatu dute negozioa. Arau urratzea ezkutatu, eta atontze lanak egiteko ostatua aldi baterako itxiko zuela iragarri zuen lehenago klubak, argibide baliagarririk eskaini gabe. Baskoniaren paradoxa klasikoa da. Bere produktuen salmentarako bada, komunikazio kanal guztiak gogotik zukutu ohi ditu —Europako saskibaloian beste inork ez duen sofistikazioarekin, gainera; onartu behar zaio—. Aitzitik, zuzendaritzaren jarduna ezbaian jar dezakeen berriren bat zabaltzen den bakoitzean, ostrukarena eginda ezkutatzen da. Kazetariei benetako erdeinua die klubak. Baskoniaren informazio adierazgarria nahi duen profesionala alferrik hurbilduko da Buesa Arenako prentsa aretora: han inork ez dizkio argituko zalantzak.

Adibide gehiegi. Ia ukiezin sentitzearen kemenaz, ingurune administratiboarekin harreman liberal samarra du Baskoniak. Aspaldion egin dituen gehiegikeria asko ez dira hutsal eta inozenteak. Legediaren bazterretan eta eremu grisetan eroso mugitzen da zuzendaritza, eta ikuskarien errietek ez diete eragiten haren estatusari eta jokabideari. Baskoniaren pasarte ilunen inbentarioa eguneratu du berriki Iker Armentia kazetariak. Isil-gordean mantendu nahi izan zen Bakh-eko legionela kasu sorta, Alavesek Ibaian baimenik gabe hasitako lanak... Gutxi balitz bezala, etxeko kasuak apropos fiskalizatzea zaila izaki, atzerrikoekin ia ezinezko ataza bilakatzen da. Georgiako fiskaltzak eta ikuskaritza erakunde independente batzuek ustelkeria susmoagatik aztertu zuten Baskoniak eta herrialde hartako saskibaloi federazioak harrobia sustatzeko sinatutako hitzarmen arras bitxia. Adostutakoaren arabera, Georgiatik kobratutako milioi gehienak urte gutxiren buruan itzultzea tokatuko zaio Baskoniari, kontratuan ezarritako epean jokalari georgiarrik trebatu eta NBAra saltzerik ez duelako lortuko. Azken hori susmoa baino ez da: tratuari buruzko xehetasunik eskuratzeko modurik ez dago, beste behin.

Kontraprestaziorik gabe. Baskoniaren hainbat trakeskeria legediaren gerizpean egindakoak dira, ACBko gainontzeko klubekin batera. Aspaldi ez dela, soldatak urteetako atzerapenarekin ordaintzeaz gain, transferitutako jokalariren bati xantaia egitera iritsi zen, zor zitzaiona talde berriaren soldatarekin kitatutzat eman zezan. Eskrupulurik gabe, testuinguru laxoa alde izan du klubak. Europako hainbat ligatan, lansarien ordainketan egun bakarrez atzeratu, eta partaideak kaleratzen dituzte. Espainiako kirol profesionalean ez da sekula halako neurririk ezarri nahi izan. Diru publikoa mugarik gabe xurgatu, eta komunitatearekiko inongo keinurik ez ohi da eskatu ordainetan. Baskonia bere saltsan dabil hor.

Ikuspegi fatalista. Josean Kerejeta politikaren gainetik kokatu zen aspaldi Araban. Bururatzen zaizkion proiektu gehienak gauzatu ahal ditu, ordezkari publiko batek jasan behar duen markaketarik gabe. Armadura apurtezina du: izan ere, zaleek berek babestu ohi dute klubaren jabearen portaera, sinetsarazi dietelako hori dela bide bakarra hain lurralde txikiak talde lehiakor bat izan dezan. Oso uste fatalista da. Baskoniak ez du lizentziarik gabeko taberna zabaltzen fitxaketa onak egin ahal izateko; kontrakoa da: fitxaketa onak egin izan dituenez, eskandalu handirik gabe onartzen zaio lizentziarik gabeko taberna zabaltzea. Euroligan bada legediari erronkarik bota ez, ordainketen datak errespetatu, eta informazio adierazgarri oro publikoari gardentasunez zabaltzeaz gain tituluak irabazten duen klubik, salbuespena izanagatik ere. Elitean arrakasta izateko ez dago anarkokapitalismoan jausi beharrik. Barrabaskeriak ez dira «kudeaketa modernoa», barrabaskeriak baizik. Perspektiba ez galtzearren: hain hiri txikian astero saskibaloia ikusteko hamar mila lagun juntatu ahal dituen zale taldea da Baskoniaren ondare preziatuena, ez presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.