mikel reina
HIRUKOTIK

Ez da kasualitatea, kausalitatea baizik

2023ko ekainaren 6a
15:53
Entzun

Denbora luzez itxaron behar izan du Denver Nuggetsek jakiteko zeinen aurka jokatuko duen NBAko finalean. Atseden hartzeko denbora izan dute haren jokalariek, baina, antza, ez nahikoa. 3-0 aurreratu zen Miami Heat Boston Celticsen kontra, baina Boston gai izan zen hiru partida jarraian irabazi eta kanporaketa berdintzeko. Garaipen bakarrera zuen historia egitea: inork ez zituen, lehen hiru partidak galdu eta gero, hurrengo laurak irabazi. Dena zuen alde: batetik, etxean ariko zen; bestetik, Miamik ez zuen inoiz irabazi zazpigarren partida etxetik kanpo; eta hori gutxi ez, eta inork ez zituen Bostonek baino zazpigarren partida gehiago irabazi: 27.

Joerak

Miamik kanporaketen atarikoa jokatu behar izan zuen: lehen partida galdu zuen, eta bigarrenean, atzetik zen hiru minuturen faltan. Zortzigarren sailkatu bezala finalera heldu den bigarren taldea da: New York Knicks izan zen lehena, 1999an. Eta jada partida bat irabazi dio finalean Denverri, etxetik kanpo. Ikusgarria da zein lehiakor ari den Miami. Baina aspaldiko kontua da hori. Kasualitatea baino gehiago, kausalitatea da etxetik kanpo garaipenak eskuratzeko duen erraztasuna; are gehiago kontuan hartuta zein zaila den etxetik urrun irabaztea. Hori gutxi ez, eta NBAko sasoi erregularrean garaipen gehien eskuratu zituzten bi taldeak kanporatu ditu: Milwaukee Bucks eta Boston.

Mendebaldeko Konferentziako txapelduna izan da Denver: garaipenei erreparatuta, laugarren izan da ligako talde guztien artean; zazpi partida bakarrik galdu ditu etxean. Finaleko bigarrena izan da kanporaketetako lehenbizikoa. Ez da kasualitatea. Kantxa faktorea kanporaketa denetan aurka izanda, Miamik jakin izan du aurkariei nagusitzen. Horren errudun nagusietako bat Erik Spoelstra entrenatzailea da: kanporaketetako maisua da. Ikusgarria da egun gutxi batzuen buruan zenbat aldaketa taktiko egin ditzakeen. Esate baterako, aspaldiko joera da gero eta zonakako defentsa gehiago egiten direla NBAn. Miamiko entrenatzaileak 1-3-1 defentsa sistema erabili zuen bigarren partidan. Helburu oso argia zuen: Nikola Jokicek poste altutik baloia banatzeko duen gaitasuna ahalik eta gehien etetea. Serbiarrak zona horretan baloia hartzen zuen bakoitzean beti zuen bera baino defentsa txikiago bat, eroso egon ez zedin; aldi berean, defentsa handi bat zuen, haren paseak eragozteko asmoz. Orain, Michael Malonen txanda da.

Emaitza

Hain zuzen ere, badirudi zonakako defentsak modak bezala erabiltzen dituztela entrenatzaileek. Berez, gaur egungo saskibaloian defentsa mota arriskutsua da zonakakoa, hiruko marratik edozeinek jaurti dezakeelako, eta defentsak asko zabaltzen dituelako. Baina badirudi zenbait entrenatzailek euren lankideek erabiltzen dituztenen arabera egiten dutela baten edo bestearen alde. Adibidez, Sergio Scariolo Espainiako hautatzailea zonakako defentsa ohikotik haratago joan zen Europako Txapelketan. Hiru edo lau jokalari jartzen zituen zonakako defentsan, eta bat edo bi bakarkakoan; hau da, bi defentsak uztatu zituen. Euroligan ere horrelako defentsak erabili dira sasoi honetan: adibidez, Alba Berlinek erabili zuen, Mike Jamesi aurre egiteko.

Real Madrilek ere Euroligako kanporaketetan asko erabili duen estrategia izan da. Emaitza onak eman zizkion. Eta kausalitatea kasualitatea baino gehiago den beste adibide bat da ACB ligako kanporaketetan ere asko ari direla haren alde egiten, ohi baino gehiago. Baskoniak ere erabili zuen, azken aukera bezala, Joventuten aurka. Valentziak ere behin baino gehiagotan eta modu desberdinetan erabili zuen Bartzelonaren aurka. Emaitza, ordea, ez da, inondik inora bera izan.

Ibon Navarroren Unicajak Kopako emaitza bera lortuko al du? Hasteko, Txus Bidorretaren Tenerife kanporatu du; Kopako txapeldunordea. Orain, Bartzelonaren aurka ariko da finalerdietan. Gero, finalean, akaso, Real Madrilekin neurtuko ditu indarrak. Hirurak partida bakarrera kanporatu zituen Kopan, baina bost partidetara zailagoa izango du entrenatzaile gasteiztarrak. Beharbada, zonak erabili beharko ditu horrek ere emaitza bera izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.