Zertarako ukatu, gaur inbidia pixka bat sentituko du. Bilbon izango naiz, pilotalekuan, semearekin finala ikusten. Lehen finala du hark, gustura ibiliko gara, baina nik izango dut inbidia. Buruz buruko finala urteko partidarik garrantzitsuena da, eta iaz ni kantxan nintzen. Bide batez, elastiko gorria erantziko dudan eguna da. Horri ez diot hainbesteko garrantzirik ematen.
Inbidia emango dit jokatzeak, baina ez aurreko tentsioak. Biek, dena den, badakite zer den finalak jokatzea. Horregatik diot niretzat ez dela ezusteko finala. Egun, buruz buruko jokoa oso orekatuta dago, eta txapelketako azken bi mailetan zeuden zortzi pilotariak hautagai ziren niretzat. Urrunago joan gabe, nik aurten bertan esan nion Altunari noizbait buruz buruko txapeldun izango zela. Dohain teknikoak baditu, eta azken bi urteetan asko sendotu du gorputza. Ez da sorpresa hura ikustea. Eta Olaizolari buruz, zer esan? Ia 39 urterekin eman duen maila izugarria da. Niretzat bi izan dira finalera eraman duten arrazoiak: batetik, presio eza. Pentsa, askok parte hartuko zuen ere auzitan jarri zuten, eta lasai jokatu du. Eta bestea, eskarmentua: taktikoki eta estrategia mailan, inork baino hobeto planteatu ditu partidak.
Ez dut faboritorik ikusten, pere-parean dago, baina finalistekin bat nator sakea garrantzitsua izango dela. Biek, gainera, ezberdin sakatzen dute. Altunak motz eta paretara, laugarren koadroan, eta asmatzen badu, ezinezkoa da hor eskua sartzea. Olaizolak, aldiz, luze eta loratuago. Bizkaia pilotalekuak ez du sabairik, eta aproposa da sake mota hori egiteko. Errestatu daiteke, baina oso zaila da gero Aimarren errematea saihestea. Lehen pilotakadarekin asmatzen duenak txapelerako bide erdia egina dauka.
Eskuz Banakako Txapelketa. IRITZIA
Ez da ezusteko finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu