Ia ezin dut hitz egin, eta hortik kontuak atera nola ibili naizen etapan zehar! Oso gaizki nago. Faringitisak jota nago, eta amorru handia ematen dit, denbora askoan zain egon naizen astea iritsi delako. Mendate luze hauek egokiagoak dira niretzat, baina igotzen hasterako konturatzen naiz azken taldetxoaren erritmoari eusteko ere lanak ditudala. Zorte txarra izan dut, atzeko gurpila aldatu behar izan dudalako lehen mendatea igotzen hasi baino bi kilometro lehenago. Lehen aldapan egin dut bat tropelarekin. 80 bat txirrindulari utzi ditut atzean, baina mugatuta nengoen. Ezin nuen ia arnasik hartu, eta berehala lehertu naiz.
Eztarriko min handia daukat, eta horrela oso zaila da aurrean ibiltzea. Sei hilabetean Giroa prestatzen aritu naiz, ondo ibiliko nintzela hitz eman nion taldeari, baina beti ez da lortzen nahi duzun hori. Oso sasoi onean joan nintzen iaz ere Tourrera, eta laugarren etapan erori eta etxera joan behar izan nuen. Eta orain hau... Baina, tira, nahikoa esperientzia badaukat, eta honi ere aurre egingo diogu. Lasterketan jarraitzen saiatuko naiz. Biharko [gaurko] etapan ahal dudana egingo dut, eta ea atseden egunean sendatzen hasten naizen. Azken hiru egunetakoren batean etapa irabazteko borrokan sartzeko aukera izango banu...
Giroaren gogortasuna uler dezazuen, 20:00ak dira, eta autobusean goaz oraindik, hotelera bidean. Masajea hartu, afaldu, eta ohartzerako iritsiko da goiza. Ea nola esnatzen naizen! Ez dut etsiko, oraindik gauza dezente egin ditzakedala uste dudalako. Badirudi datorren asterako eguraldiak ere hobera egingo duela, eta ea hala den. Faboritoei buruz, berriz, ezin dizuet gauza askorik kontatu. Liquigasek erakutsi du gainerako taldeak baino nabarmen hobea dela, eta gehiegizko nagusitasuna ere badaukala esatera ausartuko nintzateke. Aise dabil Basso babesean. Baina, kontuz, oso indartsu dagoelako Scarponi; haren hitzetan, «beroketa lanak egiten» ari da oraindik. Eta adi Hesjedalekin ere.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik
Eusten saiatuko naiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu