Pilotaren munduan gure selekzio propioa izateko bidean, pauso handi eta garrantzitsua izan zen larunbatean Iruñean emandakoa. Egun horretan abenduak 28 izateak bozketaren berria graziarik gabeko txistea zela pentsaraziko zien askori, baina ez, egia da: Nazioarteko Pilota Federazioak euskal selekzioa ofizial izendatzea erabaki du. Espainiako Kirol Kontseilu Gorena izango da orain erabaki hori berretsi edo atzera bota beharko duena; baina, dirudienez, aurrerako bidea egingo du.
Asko izan dira larunbateko bozketa horren inguruko balorazioa egin dutenak, baina niri guztietan batenak eman dit atentzioa: UPNrenak. Batetik, ez nuelako uste horrenbesteko interesa zutenik pilotari lotutako gaien inguruan, orain arte behintzat ez baitute halakorik agertu. Eta, bestetik, prentsa ohar horretan agertzen zen honako esaldi hau dela eta: «Erabaki politiko bat da, zerikusirik ez duena kirolarien eta kirolaren mesedearekin». Azala behar da, gero!
Hasteko eta behin, nola ez da, bada, erabaki politikoa izango? Herri azpiratu baten ukazioaren edo onarpenaren aurrean irizpide politikoak agertzen dituzte-eta, nola aldekoek, hala kontrakoek; ez besterik. Eta, horrez gain, kuriosoa iruditu zitzaidan kirolaren eta kirolarion onerako ez den erabakia dela esatea, euskal selekzioaren onarpenak zirkuitu horretan lehian jarriko baititu orain arte aukeran zuten selekzio bakarrari uko egin dioten hainbat pilotari bikain.
Hala ere, selekzioaren onarpenak euskal herritarren artean ere zabaldu ditu zenbait galdera marka. Lehenengoa, eta nagusia, lurraldetasunari lotutakoa; hau da, euskal selekzioan Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko pilotarien parte hartzea bermatzeari buruzkoa. Etorkizuneko selekzio horrek, herri ikuspegitik, kohesionatzailea izan behar baitu; ez egun dugun, eta gero eta indartsuago bihurtzen ari den, lurralde zatiketaren indartzaile. Horregatik, oso garrantzitsua izango da hasieratik bertatik oinarri sendoak jartzea eta lurraldeen zein pilotarien arteko zubiak zabalik mantentzea. Horretan, hemendik gutxira egingo diren Euskadiko Pilota Federazioko hauteskundeetan hautatua izango den zuzendaritza berriak lehen segundotik eta gogotik egin beharko du lan.
Eta bigarrena, igandean BERRIAn bertan Iñigo Santxok eta Martxel Toledok zabaldutakoa: Euskadiko edo Euskal Herriko selekzioa? Nik, egiari zor, argi daukat erantzuna; baina izenaren eztabaidak sor dezakeen xextra politikoa saiheste aldera zera esango dut: izena izen, euskal herritar denok batzen gaituen eta gure hizkuntzan, euskaraz, mintzatzen eta lehiatzen den selekzioa izan dadila. Horrekin, kito.