Nola ez, Pirinioen magiari buruz hitz egingo dut. Komunikabide batean irakurri dudanez, 400.000 pertsona espero ziren Peyresourdeko mendatean, eta harrituta geratu naiz zenbakiarekin. Ohituta gaude errepide bazterrak jendez gainezka ikustera, baina kopuru hori izugarria da. Nire ondorioa da horietako erdiak euskaldunak izango zirela, eta hori pozgarria da. Era berean, astakeria ere bai. Edozein manifestaziotan 100.000 lagun biltzen badira, gustura geratzen dira antolatzaileak. Pentsa, beraz, Pirinioetan.
Askotan esaten da, baina egia da: Pirinioak ia-ia euskaldunonak dira. Nahiz gure mugen barruan ez egon, gureak balira bezala sentitzen ditugu. Gogoratu naiz aurten bostehun urte egingo direla Gaztelako Erresumak Nafarroakoa menderatu zuela, eta, beste alderdi batetik begiratuta, esan dezaket euskal herritarrok Pirinioak konkistatu ditugula. Bide batez, Tourrean dauden euskaldun txirrindulari guztien partez eskerrik beroenak eman nahi nizkieke hara hurbiltzen diren euskaldun guztiei.
Benetan sekulako poza ematen du gure mugetatik urruti samar hainbeste ikurrina eta kolore laranja ikusteak. Gainera, bistan geratzen da gure zaleak direla onenak eta arrakastatsuenak. Harro egoteko arrazoiak baditugu, beraz. Ni ez nago han tamalez, baina telebistari begira ere oilo ipurdia jartzen zait.
Gorka Izagirre berak ere aipatu zuen atzo euskal zaleen garrantzia, eta eskerrak eman zizkien. Ez da harritzekoa. Azken ordu betea oso gogorra egingo zitzaion ziur, eta ez zeukan, gainera, garaipenerako aukerarik. Dena den, ahalik eta posturik onena lortzeko eta nekea ahazteko zer hoberik euskaldunen animo oihuak baino. Bihotzez diot asko eskertzen dela zaleen beroa.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Euskal zaleen beroa, aparta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu