Juanma Garate.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

Etxekoen beharra dut

2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
A ze gogoa dudan familiarekin egoteko. Pena da ezin naizela bihar [gaur] bertan etxera iritsi, baina ea astelehenean ikastolara alaba jasotzera joan naitekeen, eta ustekabe ederra eman. Zergatik dudan horrenbesteko irrika etxekoekin egoteko? Bada, jota nagoelako. Azken egunetan pixka bat egin dut gora, baina oso izorratuta egon naiz egun askoan, psikologikoki jota erabat. Ilusio eta gogo handiarekin etorri nintzen Girora, txirrindulari egin nauen lasterketara, naizen guztia eman didan lasterketara. Oso ondo nengoen, buruz eta sasoiz, prestaketa osoa oso ondo joan zelako. Sakrifizio mordoa egin nuen, etxetik urrun egun asko egon, baina banuen esperantza lan horrek guztiak fruitua emango zuela. Baina ez. Lasterketako lehen astean gozatu egin nuen, eta egunak azkar pasatzen zitzaizkidan. Baina gaixo jarri eta dena joan zen pikutara. Eta horrela ibili naiz ordutik, sufritzen, inoiz ez bezala, egunak 48 ordukoak balira bezala. Pena da, baina horrelakoa da Giroa. Ez du barkatzen. Katarro txiki bat izatea nahikoa da aurretik egindako lan guztia ezerezean geratzeko. Hemen, edo sasoiko zaude, edo lasterketak, errepideak txikitu egiten zaitu. Eta horixe gertatu zait niri, txiki-txiki eginda bukatu dudala.

Gaurkoa [atzokoa] da horren adibiderik garbiena. Nire bizitzako bost etapa gogorrenen artean dago gaurkoa. Izugarria izan da. Oso azkar joan da lasterketa hasieratik, eta horrek are gogorragoa egin du etapa. Tonalen, lehen mendatean, jada atzean geratu naiz, eta Cavendishekin batera igo naiz. Azkenean, zazpi ordu eta erdi behar izan ditut iristeko. Zazpi ordu eta erdiko ahalegin basatia, zazpi ordu eta erdiko sufrimendua. Ez dugu ezta txiza egiteko denborarik ere izan!

Nire sufrimenduaren adinakoa izan da De Gendtek eman duen erakustaldia. Mortirolon bertan jo du erasoa, eta dardarka jarri du Giroa, eta, bide batez, lasterketa irabazteko faborito nagusiak. Erne berarekin, iaz hirugarren izan zen Tourreko azken erlojupekoan. Ez dut esango bihar guztiei aldea jan eta Giroa irabaziko duenik, baina auskalo: gaur egin duena egin badu, oso ondo dagoelako da. Halere, Hesjedalen alde egingo nuke apustu. Kostata, baina uste dut Puritori aurrea hartuko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.