Irailean zerua jo genuenetik, kosta zitzaigun lur hartzea. Negu partean oraindik ur aparretan ginen, baina akabo zipriztinak konfinamenduan. Martxoan, ostruken antzera burua lurperatu behar izan genuen etxeko txokoan, eta ekain erdialdean dortoka jaioberrien antzera bizkarrean oskola hartuta abiatu ginen itsasora. Hasieran baldar samar, eta hilabete geroago, Coruñara iritsi gara.
Etxean igarotako hiru hilabete hauetan eskerrak eman behar dizkiegu bizilagunei eta etxekideei. Ezin ahaztu emandako animoak eta erakutsitako prestutasuna. Eskerrik asko salto bakoitzean egongelan sortutako dardararekin ez ikaratzeagatik, eskailera eta ezkaratzetako korrika saio klandestinoak ateko behatxulotik ikusteagatik, eta nola ez, ergometroaren sintonia goiz eta arratsalde entzuteaz ez kexatzeagatik. Txaloak zuentzat ere baziren.
Iaz esan genuen gora iristeko bidea luzea izan zela, eta bertan mantentzea zailagoa izango zela. Taldea mantendu dugu, eta asmo berberak ditugu. Neguko estropada gorabeheratsuak kontuan hartu, eta guretzat berria den titulua defendatu beharko dugu, bere alde on eta kontrako guztiekin. Aurkariek ere gora igo nahi dute, eta kosk egiteko prest datoz.
Bagoaz Coruñarantz, ikasbidaia batean bezalatsu. Denok egin ditugu etxeko lanak. Testak ere bai. Baina etxean, bakarrik. Lau taldeek komunikabideetan ondo gaudela diogu, eta banderen lehiarako prest gaudela. Telebistatik ikustean dena da erraza, baina bertara joatean, ai ama! Zer pasatuko da orain? Coruñako egoera berezira egokitzen denak eta akats gutxien egiten duenak gehiago izango du bere alde. Itsasoak jarriko gaitu geure lekuan, eta onenak irabaz dezala.
'TXIKI'-TIK
Etxeko ganbaratik Coruñara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu