Danel Agirre.
SASKI DA!

Etorkizuna ez zen Ralph Sampson

2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Zapatila eta guzti, 1,98. Saskibaloia askoz denbora-pasa monotonoagoa litzateke, aldiro dogmak ezeztatzeko bere gaitasunagatik ez balitz. Entrenatzaile eta kirol zuzendari ikonoklastenak errotuen zirudien sinismenarekin ere atrebitzen hasi dira aspaldi: partidak irabazteko tamaina ezinbestekoa dela zioen horrekin, hain zuzen ere. Azken bi partidetan, 1,98 metro baino garaiagoko jokalaririk gabe aritu da Houston Rockets —NBAn ohikoak diren oinetakoen kortesiazko hiruzpalau zentimetroak kendu behar zaizkio, gainera, altuera horri—. 1963az geroztik ligako talde baxuena bilakatu dena Dallas eta New Orleansi gailendu zaie bi partidetan, logikari desafio egiten dieten zenbakiekin. Igandeko Pelicansen aurkakoaren atsedenaldira errebotearen lehian 35-14 azpitik zela iritsi zen Rockets. Markagailuan, ordea, 65-60 zen aurretik; bateragarriak ez diren bi errealitate dirudite, lehen begi kolpean. Mike D'Antoni entrenatzaileak obedientziaz aplikatu izan ditu Daryl Morey ideologoak eratutako muturreko eskemak. Defentsako blokeo guztietan aldaketa automatikoa da. Piezak zenbat eta trukagarriago, orduan eta hobeto. Erasoan, bostekoa eskubaloiko taldea balitz bezala kokatzen da marraren atzealdean, James Hardenek zer asmatuko zain. Hirukoak edo saskipekoak ez diren gainontzeko jaurtiketa guztiak galaraziak dituzte Rocketsen. Entretenimendu moduan, hori bai, ez du piperrik balio Moreyren esperimentuak. Zion Williamson ikusteko gosez, eta ordutegi adeitsuak lagunduta, Saski Da! igandeko Pelicansen aurkakoa ikusten saiatu zen. Ez zuen hamar minutu iraun: Houstonen jardun jasanezinak bere onetik atera zuen zutabegilea.

Abiadura, altuera baino. Zientzia fikziozko zinemak auto hegalariak eta mafiosoak garbitzen dituzten polizia robotak iragarri zituen bezala, saskibaloiak Magic Johnson eta Ralph Sampsonen gisako 2,06 metroko antolatzailez eta 2,24ko hegaleko-pibotez osatutako gudarosteak agindu zizkigun behinola. Ez ditugu oraindik ikusi. Noizbehinka Giannis Antetokunmporen moduko anomaliak agertzen badira ere, gainera, taldeak gero eta txikiagoak dira oro har, batez ere NBAn. Aito Garcia Renesesen garai bateko burutapenak —Pau Gasol 3 moduan erabiltzea eta beste— ez ditu egun inork, ezta Aitok ere. Jokalari garaienak kanpoaldera ateratzearen kontrakoa da joera. Bi metro ez den gero eta pibot gehiago dago elitean: Kyle Hines edo Draymond Green ez dira antzeko gorpuzkera zuten Dennis Rodman edo Ben Wallacen gisako jauzilariak, gainera. Egun, abiadura da saskibaloiaren Grial Santua, eta pick & roll-etik baloiarekin irteten den aurkariaren bidea oztopatuko duten zango bizkorrak lehenesten dira. NBAn, bereziki garrantzitsua da ahalmen hori, 2001ean defentsan hiru segundoz esparruan geldirik egotea zigortzen duen neurria ezarri zenetik. Hardenen edo LeBron Jamesen batezbestekoek izugarri zor diote aldaketa horri.Saskipera iristea inoiz baino errazago bilakatu da, eta, pibot klasikoaren figura berreskuratuko bada, araudi berriarekin beharko du.

Europan, baliagarriak. Igandean, Pelicansek ezin izan zituen Williamson 130 kiloak baliatu Rocketsen zaintza liliputarra zigortzeko. Baskoniako zalea ere sarri ernegatu ohi da, Youssupha Fallek edo Michael Ericek askoz aurkari txikiagoak menderatzeko azaltzen dituzten zailtasunak direla eta. «Hain handiak izanda, nolatan ez dute saskia aldiro birrintzen» da betiko aienea. Saskibaloia askoz denbora-pasa monotonoagoa litzateke, baina, hain arrazoibide sinpleekin. Ericek baloia egoki heltzea eragozten dioten esku oso kaskarrak ditu, eta, saiatuta ere, konponbide txarra du horrek. Fallen gabezia, berriz, kideen paseak jaso eta bizkor altxatzeko zailtasuna da, bere garaierako mutikoteetan tipikoa. Euroligan (NBAn askoz zailagoa litzateke), bien bertuteak aprobetxagarriak dira oraindik, baina atsedenik gabeko lanketa eskatzen dute. Walter Tavaresek behar luke Fallen ispilu: tarteka, erabakigarria da, mentore aproposarekin xehetasun txikienak fintzen urteak eman ondoren. Duela ez hainbeste, Baskonia ere espezialista zen horrelako proiektuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.