Bestelako zereginetan dira udaberri honetan Pogacar, Van der Poel eta Van Aert; min hartuta Vingegaard eta Evenepoel. Egungo txirrindularitzaren espektakularizazioaren izen propioak bostak.
Izen propiorik ez du falta Itzuliaren hasierak, ordea. Edo izen pribaturik, nahi bada. Gaur jokatzen ari da lehen etapa, erlojupekoa, Gasteizen. Etaparen izen ofiziala: Gasteiz-Baskonia / Alaves. Eta letra xeheagoan: Buesa Arena – Ondare Centre.
Jada ez harritu ezerk. Asaldura ñimiño bat sentitu beharko genuke behintzat. Aspalditxoan jan zuen diruaren makineria gupidagabeak kirol profesionala. Badira marka komertzial baten izena daramaten lasterketa garrantzitsuak ere: E3 Saxo Bank Classic eta Amstel Gold Race, kasurako.
Baskonia saskibaloi taldea da, eta Alaves futbol taldea (ez ote dute nahiko propagandarik bestela ere?). Bi-biak dira entitate pribatuak, bi-bien jabea da Josean Kerejeta enpresaria. Buesa Arena eremu publikoa da berez, nahiz onuradun pribatua duen nagusiki; Ondare Centre ere pribatua da, Kerejetaren buru-esku enpresarialak gidatua hura ere.
Inork esango du enpresa multzo hori guztia txirrindularitza babestera etorri dela, eta zilegia dela.
Babestea eta patrimonializatzea ez dira gauza bera, ordea.
Izen propioak eta pribatuak ez dira gauza bera.
Eta gainera: zer itsusia den etapa baten amaierari izen hori jartzea.