Arraun-mina inoiz sentitzekotan, etxeko estropadetan sentitzen da. Eta gurean, bost egunean hiru jardunaldi jokatuta, pentsa: gaindosia ez dut urruti izan. Alle-Puntako ikuspegia, zaleok errepidea ostadar bihurtuta, kresal eta arroka usainak… Zentzumenak sentipen, teknologiak isildutako artekarien kantuak ere entzuten ditut oraindik. Zenbat oroitzapen, alajaina! Oilo ipurdiak ederki freskatu dizkit egun sargoriak.
Oroitzapen horietan ez dauzkadanak emakumezkoen estropadak dira. Orduan, ez planteatu, ezta haien falta sumatu ere; trainerua gizonkoteon gauza zen. Egun, zaleon zalantzaz jositako urte batzuen ostean, a ze bi liga oparitu dizkiguten! Zenbat saio bukatu ote dituzte hasperen baten aldearekin… Zaleek tortikolisarekin bukatuko dute uda, estutasun horietan azken txanpa bakoitzean beren talde kutuna helmugara bultzatu nahian lepa-zintzurra hainbeste okertzeagatik.
Osoro patroia ikusi izan dugu neskei, Pasai Donibaneko estropada gogoraraziz, «hemen daude 24 ehunenekoak!» oihukatzen. Hor eta aurrekoan eta hurrengoan; palakada bakoitzak balio izan baitie zumaiarrei lehen aldiz liga irabazteko. Zorionak! Ezin estuago baina nagusi izateagatik; eta baita Gipuzkoakoagatik ere.
Alderantziz esango dute galiziarrek: Zumaia nagusi, baina ezin estuago. Ez zaie arrazoirik faltako; horrek datorrenaren ataria puri-purian jarri du. Zaila izango baita bietako batek Kontxa ez irabaztea; areago bietako zeinek irabaziko duen jakitea. Hori bai, Getaria-Tolosa eta San Juanen baimenaz, koska erdi bat beherago egon arren kosk egiteko prest uretaratu baitira beti.
Parekotasun etengabe horrek nesken maila gutxienez altua dela pentsatzera narama ni. Bestalde, talde bakoitza bere arraunketa propioa definitzen eta fintzen ari da; eta hori ere seinale ona da. Igandean ere, lehia eta maila ederrak ikusita, pozik itzuli ginen arraunzaleok kaitik etxera. Bidean, gaurko haurrei begira, etorkizunean emakumezkoen traineru estropadak euren oroitzapenetan izango dituztela konturatu nintzen: horrek poztu nau ni gehien.
Arraun-minez
Estutasunak eta pozak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu