Aitor Manterola Garate.
IRITZIA

Estropada handiena galdu dugu

2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Arrazoiz ari dira epelak botatzen euskal arraunaren mundutik Espainiako Arraun Federazioari. Beste urte batez, baldar ibili da traineruen herrialde horretako txapelketa antolatzen. Baina begirada guztiak hemendik hara eginda, hemengo gure korapiloak askatzeko ez zaizkigu batere lagungarri izango. Hemen ere bai baita zer konpondua, eta, txapelketa honen harira, ondo begi bistan geratu dira arazoak.

Herri bezala ez dugu pentsatzen. Euskal Herriko arraunak egun hauetan izan duen jarrera beste adibide bat baino ez da. Kirola ez da gizartearen arazoetatik kanpo geratzen den zerbait. «Ez nahastu kirola eta...» baieztapena ahula da niretzat. Gainera, kirolak duen indarrarekin eta eraginarekin gizartean, baliatu egin beharko genuke gizarteko beste esparruetan. Esaldi hori esaten dutenek beste hau ere gehitzen dute: «Kiroletik hasi behar al dugu, bada, politikariek konpontzen ez dituztenak konpontzen?». Beharrezkoa bada, zergatik ez eragile izan? Aurten ere, Euskal Herriak salbatuko du Espainiako traineru txapelketa. Beste aukera galdu bat; gainera, aukeran etorri da aukera Espainiatik. Beste irteera bat baliorik gabekoa, ustela.

Kirolean ere bada emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunik. Handia, gainera. Berdintasuna urruti dago. Arrauna ez da salbuespena, nahiz eta aurreratua doan itxura ematen duen. Espainiako Federazioak araudia zorrotz hartu, eta emakumezkoen hiru talderekin ezin dela jokatu esan du. Saririk ere ez, jokatu izan balitz. Horren aurrean, emakumezkoen taldeek uko egin diote txapelketan aritzeari. Jarrera logikoa. Beharrezkoa. Baina bakarrik utzi dituzte gizonezkoek oraingoan ere. Ez al da nahikoa motibo emakumeenganako diskriminazio hori gizonezkoek ere uko egiteko txapelketari? Behar luke, baina ez. Garrantzitsuagoa da, nonbait, lehia bat irabazteko aukera ez galtzea. Irabazi beharra, irabazteko nahia gizarteko arazo larrienetako baten aurretik orain ere. Ziaboga istriborretik hartuta goaz gai honetan.

San Juan izan da klub bakarra emakumezkoak babestu dituena gizonezkoekin, baina, ziurrenik, zuzenean eragin diolako hartuko zuen jarrera hori. Espainiako Federazioak mehatxua egin zion atzo bertan klubari, abisu emanez emakumezkoak lehiatik ateraz gero, gizonezkoei ez ziela utziko parte hartzen. Hori ere jan egin behar Espainiako Federaziotik, eta, horren aurrean, planto egin zuen San Juanek. Baina erlojuaren aurkako estropada batean bezala geratu da: bakarrik. Tira, Euskadiko Federazioak eskaini dio laguntza eta babesa auzi honek etorkizunean izan dezakeen balizko bide malkartsuan.

Non dira gizonezkoen beste taldeak beraiena bezalako beste talde eta gizatalde batek pairatu behar izan duen itsusikeria honetan babesa azaltzeko? Bakoitza bere kolkora begira, txapelketa prestatzen, irabaztea garrantzitsua baita elkartasuna baino. San Juani egindakoa bada nahikoa motibo etxean geratzeko beste guztiak. Baina nola etxean geratu? Prestakuntzan bekatu latza litzateke asteburu honetan arraunlariek estropadarik ez izatea; horra argumentua aurrera jarraitzeko kontu honekin. Baietz irailean goizetako ihintza baino freskoago egon arraunlariak, asteburu honetan jai eginda ere! Traineruak norabide okerrean doaz elkartasunaren gai honetan, baliza onetik ihesi, bide galtze nabarmenean.

Hondoa gertu da berriz ere jarrera hauekin. Beste 365 egun barru, gutxi asko, kontu hauek denak berriz hizpide izateko arrisku galanta. Indartuta Espainiako Federazioa atera da. Ez du ematen, baina hala da, eta berriz ere hartuko du hutsaren pare traineruen lehia. Hemen hain kutuna duguna guk geuk babesten ez badugu, ederki gaude Espainiara begira.

Utopikoa edo ameslaria naiz aldarrikapen eta eskaera hauek guztiak egiten, badakit, arraun munduan ere bakoitza berera doalako, gizarteko ia kide guztiak goazen bezala. Ez baita arrauna uharte bakartu bat, beste guztitik aparte bizi dena. Aukera aparta utzi du pasatzen bakarra izaten hasteko. Herria, emakume-gizonezko berdintasuna, elkartasuna... haize aldaketak eraman ditu orain ere txandatik txandarako tartean. Goazen bila, ez gaitezen gera itsasoak edo haizeak ekar ditzan nahi dituenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.