Jon Ander De la Hoz.
ANTXERRITIK

Esperantza

2024ko abuztuaren 27a
05:05
Entzun

Bizitza bide bat da, eta norabide asko izan ditzake. Goitik beherakoa edo behetik gorakoa, esaterako. Oparotasunaren metafora azken hori. Getarian bai, behintzat. Antxerrira jaitsi behar baita udaletxera igotzeko. Estreinakoz han uretaratutako haurrik gabe, ez dago maila goreneko lehorreratzerik.

Antxerria helmuga, eta abiapuntu. Txistulariak bidea zabaltzen. Tartean Alejandro, klubaren sorreran bezalaxe. Bezperan, Ondarroan, Bartolo azaldu: «Gaur ere badiagu zerbait», tostako lagunei. Bai, alajaina. Gogoeta pausatua: hark merezi zuen estropada seinalatua bertatik bertara ikustea. Badu esangura; azken aldiz hutsetik hastean, hura zen presidentea.

Begirada gora, eta Artzape. Malda pikoa, hasiera guztiak nola. Hirugarren eta bigarren mailako koska orain artean, zaleen babesean beti. Larunbataz geroztik, lehen mailakoa da. Han, ezkerraldera, Ibai. Gure estreinaldiko beteranoa. Erreferenteari besarkada, eta aurrera. Pie-piako tunelean Anderri esana: «Ezin sinetsi nagok, hemen beti KAEkoak astindu dizkiagu eta».

Alboan, bide osoan, Xabier. Arrauna izan da gure gaztaroaren zeharlerro, eta behetik gorako bidean, bera bidelagun. Nerabetan, teknikari; traineruko estreinaldian laguntzaile —«Gogoratzen? Orduan ere bandera genian»—, orain presidente. Sarri, masaje-emaile ere bai. Ordezkaezina da: bakarra dago munduan.

Kale nagusira, bandera eskura. Aitona balkoian. Ikusi ditu kolore guztietakoak, maila guztietakoak. Irudikapen bat haren alboan. Nahiago nuke bertan balego. Segidan, Axut, xanpaina emanez. Kuadrilla oinarri izan zuen ontziak jo du goia, Etxabe kapitain duela. Azkenerako, jende uholdea, eta plazara. Balkoitik begiratuta, hara Egoitz, Naiara, Amaia. Eta jendetzaren artean, bi emakume horail eta dotore, beti bezain bizi: Esperantza izena du batek, Gloria besteak. Ea bihar ere elkarrekin diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.