Azer-nolako azken eguna! A zer-nolako tentsioa tropelean eta a zer-nolako amaiera! Emozioa izan dugu azken unera arte, eta hemendik zorionak irabazleei. Niri dagokidanez, oso gustura bukatu dut Bira: zortzigarren sailkapenean, eta lehen euskal herritarraren elastikoari eutsi diot. Etaparen hasieran, sailkapen nagusiari begira ekin diot, baina, amaieran aurreko guztiak elkarrekin gindoazela ikusita, Eider [Merino] zaindu dut. Denbora berean geunden, eta aurretik sartzen zenak irabaziko zuen lehen euskal herritarraren saria. Berak taldekide asko zituen inguruan; nik, aldiz, bakarra, eta, horregatik, Soraya Paladini itsatsi natzaio. Badakit bizkorra dela, eta haren arrastoari segika aurrean bukatu dut.
Taldekide bakarra nuen amaieran, baina oso harro nago egun osoan egin duten lanarekin. Hasi aurretik esan diet lehen kilometroetan inguruan nahi nituela, eta ondo bete dute lana. Bizkarreko minez ibili naiz, eta neure burua nola zegoen ikusi nahi nuen. Igoera gogorrak hastean aurrean egon nahi nuen, eta hor izan ditut. Amaieran banaka-banaka eman dizkiet eskerrak, ondo merezitakoak. Eskerrak ere bai etxekoei. Gutxitan lehiatzen gara Euskal Herrian, eta haiek egiten dute berezi. Ahizpak jai hartu du lanean niri laguntzeko, eta hor ibili da gora eta behera nire guraso eta ilobarekin. Auskalo zenbatetan ikusi ditudan errepidean azken egunetan! Atzo, Udanan, San Asentzion eta helmugan. Eskerrik asko zuei bihotzez; zorretan nago. Azkenik, bukatzeko, antolatzaileen lana goratu nahiko nuke; Bira baloratzen ikasi behar dugu. «Eta gaur, zer?», galdetuko duzue, bada 700 kilometroko errepide bidaia hurrengo asteburuan Frantzian lehiatzeko. Hau ez da gelditzen. Donostiako Klasikoan elkar ikusiko dugu berriz!
Emakumeen Bira. SEKRETURIK GABE
Eskerrik asko esateko eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu