Juanma Garate.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Guadalupetik

Esan nion Joni erne egoteko

2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Atseden egunaren ondoren, ihesaldiak osatzeko planifikatutako etapa zen gaurkoa [atzokoa], eta halaxe izan da. Tropelean denetarik ikusi dut: txirrindulari batzuk, fresko, hurrengo egun garrantzitsuetarako ongi prestatuta, eta besteak, nekatuta, ni barne. Azken egunetan euria besterik ez dugu izan, horren erruz entrenamendurik ez dugu egin, eta nabaritu egin dut. Sufritu egin dut.

Baina hori da gutxienekoa. Sekulako poza hartu dut etapa Jon Izagirrek irabazi duela jakitean. Bai beragatik, eta baita Euskaltel-Euskadirengatik ere. Egun dezente zeramatzaten ihesaldietan sartzen, eta merezi zuten. Izagirreri berari abisatu nion orain dela hiru egun, gaurkoa etapa aproposa zuela eta erne egoteko, eta erakutsi du ziklista handia dela. Ihesaldiko hamar txirrindulariak ikusita, nire taldekide bati esan diot tropelean Izagirrek irabaziko zuela, eta halaxe izan da, zorionez.

Azkarra eta ausarta da Euskaltel-Euskadikoa. Aldapan gora ezin hobeto moldatzen da, eta erritmo azkarrean ere bai. Merezi zuten euskal jarraitzaileek halako garaipen bat. Giroko azken aste honetan ikurrin asko ikusten ari naiz, eta neurri berean jarraitzeko, beharrezkoa da euskal ziklistok etapak irabaztea. Euskal Herriko jendeak egiten duen esfortzua eskertzekoa da.

Izagirreren mailatik nahiko urrun nabil neroni. Eztarriko mina oraindik ez zait pasatu, eta uste dut egunez egun okerrago nagoela. Arnasa hartzeko komeriak dauzkat, baina gero eta gutxiago falta da igandea iristeko, eta aurrera jarraitu beharko dut. Orain mendiko etapak datoz, eta, ahal izanez gero, ihesaldi batean sartzen saiatuko naiz.

Dena den, ez da erraza izango zerbait handia egitea. Uste dut bihartik [gaurtik] aurrera faboritoak azalduko direla. Badute garaia, eta, nire iritziz, bihar da egun egokia. Nik Joaquim Rodriguez ikusten dut indartsuen. Haren zuzendaria egiten ari den lana bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.