Ez nazazue pilotalekuan bilatu gaur, azken unean iritzia aldatzen ez badut ez naizelako Bilbon egongo. Telebistaz ikusiko dut finala, lagun artean segur asko, eta gozatuko dugula uste dut. Lau t'erdikoa aldatu egin da, asko bizitu da, eta huts gehiago egiten dira, egia da; baina partida ona irteten denean, oso ikusgarria da. Irujok aldatu zuen lau t'erdikoa, eta pilota biziagoek. Eta hori izan daiteke finaleko gakoa, bere erritmoa. Abiadura hori ezartzen badu, ez dago hari aurre egingo dionik, baina saio horretan hutsak egiten baditu, Olaizola II.ak inork baino garestiago ordainaraziko dizkio, hura delako abilena lau t'erdian.
Berandu dator finala, hilabete da Irujok ez duela lau t'erdian jokatzen, eta horrek ez dio mesederik egingo, baina ondo entrenatu bada, ez luke sumatu behar. Olaizola II.aren aldetik, berriz, ez ditu aste gozoak izan, baina ziur nago jokatzea erabaki badu sasoi betean dagoelako dela. Ziur nago Olaizola II.ak bere onena eman ahal izango duela. Hilabete da hatza hautsi zuela, asko edo gutxi den esatea zaila da, lesioak, denak, oso pertsonalak direlako, eta min guztiak, osatze prozesuak bezala, desberdinak. Alde horretatik, Olaizola II.ak eginiko urtea nabarmendu nahiko nuke. Nire antzeko lesioa izan zuen belaunean, eta egin duen urtea bikaina izan da. Gaurkoa du 2011ko hirugarren finala, eta, agian, bigarren txapela. Apustuek ezetz diote, nik ez dut hain garbi ikusten.
Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala. Analisia
Erritmoaren bi aldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu