mikel reina

Errepikatzeko prest

2024ko urriaren 22a
05:05
Entzun

Gaur. Gaur da eguna. Gaur itzuliko da NBA. Baina, oraindik, itxaron egin beharko dugu munduko saskibaloi onena ikusteko. Ez da gaur hasiko. Horrek apur bat itxaron beharko du. Hain zuzen ere, txapelketa baten hasierak beti sortzen du zirrara handia, baina NBAn azken urteetan sentsazio horrek behera egin du. Benetako txapelketa ez da otsailera edo martxora arte hasiko. Apirilean hasiko dira kanporaketak, pentsa.

Hautsi nahi dute

Hori bai, NBAk zerbait egiten baldin badaki, hori produktua saltzea da; inork ez bezala egiten dute. Errealitatearen jakitun dira argi eta garbi, eta partida handiak iragarri dituzte lehen asterako. Gabonetan ere horixe bera egiten dute. Aukeraketa hutsa. Gaur, adibidez, Boston Celtics eta New York Knicks ariko dira elkarren aurka. Hau da, ekialdean finalera heltzeko hautagai nagusietako bi, aurrez aurre. Baina, noski, antzekotasun gutxi izango dituzte gaur goizaldeko neurketak eta apirilean gerta daitekeenak. Horrez gain, Milwaukee Bucks-Philadelphia 76 Sixers edo Oklahoma City Thunder-Denver Nuggets partidak ere erakargarriak dira oso.

Hala ere, benetan erakargarria dena NBAko eraztuna da. Denek nahi dutena. Altxorra. Azken sei urteetan sei txapeldun desberdin egon dira. Hori ez da ligak dituen ia 80 urteetan gertatu. Hori gutxi ez, eta beste sei taldek ere finalak jokatu dituzte. Hau da, berdintasuna eta lehiakortasuna ikaragarria da. Horrekin guztiarekin hautsi nahi du Bostonek.

Berdeak dira faborito nagusiak. Urteak daramatzate eraztuna lortzeko borrokan, eta iaz lortu zuten azkenean. Bide batez, 2020an Los Angeles Lakersek eraztuna irabazi eta gero, liga gehien dituzten frankizien zerrendan lehen postuan berdindu zuten. Hori ere hautsi zuten iaz. Aldaketa gutxirekin iritsiko dira aurten, hori ere albiste ona da, noski, eta hautagai nagusiak izaten jarraituko dute.

Indartu dira

New York eta Philadelphia izango dituzte aurkari nagusiak ekialdean. Bi talde desberdin dira. Madison Square Gardeneko zaleek 1999an ikusi zuten finala azkenekoz. Tom Thibodeauk ez ditu izarrak nahi, gerlariak behar ditu. Horretarako, garai bateko UCON unibertsitateko jokalariak ditu gustuko: Brunson, Bridges edota Josh Hart. Sixersek, berriz, Paul George fitxatu du Joel Embiideri bestelako saskiratzaile bat emateko. Ez da garai batean Indianan aritu zen George hori, baina jokalari bikaina izaten jarraitzen du.

Hain zuzen ere, izar metaketaren garaia, erabateko dominazioaren garaia alegia, atzean geratu da. Haize berria sartu da NBAn. Brad Stevensen jarduna nabarmendu da Bostonen, guztiz merezitakoa, baina Sam Prestik Oklahoman egin duena ere ez da lan makala. Durant, Westbrook eta Hardenekin lortu ez zuena konpondu nahi du. Shai Gilgeous-Alexander da izarra, baina ezin hobeto inguratu dute, batez ere jokalari lehiakorrekin. Udan Alex Caruso eta Isaiah Hartenstein eskuratu dituzte.

Luka Doncicek ere lagun berriak behar zituen, Irvingekin ez zuen nahikoa. Horretarako heldu da Klay Thompson: Esloveniarrak toki gehiago izan dezan, zabalik mantenduko den jaurtitzaile zitala. Nikola Jokicek, berriz, ez zuen ezer gehiagoren beharrik, baina Westbrook ekarri diote, ea hark bideratzen duen ikusteko. Izarren mahai horretan jesarri genezake, dagoeneko, Anthony Edwards. Izaera bereziko beste gaztetxo bat.

Are gazteagoa dena Brony James da, LeBronen semea. Aitak bere ibilbideko ametsetako bat bete du seme zaharrenarekin jokatuta. Ez zaizkio amets ugari geldituko bete gabe, edo ez behintzat Los Angeles Lakersen dagoen bitartean. Gaztetxoen multzoan dagoen beste bat Victor Wembanyama da. Chris Paul fitxatu du San Antoniok Wembayamari irakasteko eta laguntza emateko. Inork ez baitu nahi ostera ere garailea errepikatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.