Neure baitarako esaten ari nintzen «lastima da, baina zozo antzera doa aurtengo Itzulia kirol ikuspegiari erreparatuta». Eta, karma beltzak erantzuna, danba, eroriko izugarria Oletan behera. Berezkoa du erorikoa txirrindularitzak. Nork ditu ahazteko irudi zaharretako Ocañarena, 1971ko Tourrean Menten behera, edota iaz 20 urte bete zituen Belokirena, 2003ko Tourrean, La Rochetten, edo amaiera tragikoagoko Gino Maderrena, iazko Suitzako Tourrean. Kolpatzen gaituzte irudiok eta haien oroimenak. Eroriko larria izan da Itzulikoa, zentzu guztietan. Eroritako txirrindulari kopurua, dozenatik gorakoa. Minak ez du hierarkiarik, baina nazioarteko hedabide guztiek nabarmendu dute faboritoek min hartuta erretiratu egin behar izan dutela: Vingegaardek, Roglicek eta Evenepoelek, besteak beste.
Oier Lazkanok aipatu du Twitterren, inguru horretan zuhaitzen sustrai batzuek errepidean irregulartasun batzuk sortzen dituela. Zaila da esaten aurreikus ote zitekeen halakorik eta ondorioz, moduren batean saihestu ote zitekeen. Behin gertatuta, etapa bertan behera geratzea ez ote zen egokiena? Txirrindulariak lurrean etzanda, min aurpegiak, anbulantzien aienea. ETB1eko Alfontso Arroioren ahotsaren dardarak ematen du sarraskiaren tamaina. Izozturik utzi gaituzte irudiek. Ez hanka ez buru, ez bihotzik duena Itzuliko Twitter kontuak erorialdiaren irudiari musika epikoa jartzea.
Orain batere garrantzirik ez du sailkapenak. Minak sendatzeko denbora beharko da, eta gero gogoetarako ordua hartu beharko dute antolatzaileek ere. Erorikoa eta kolpea dira Itzuliarentzat berarentzat eta txirrindularitzarentzat ere.