Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Nire txokotik

Erdiko marrarik gabekoak

2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Argi dago jendeak irakurtzen dituen kronikak nahiko argiak izaten direla eta lasterketaren nondik norakoa ongi islatzen dutela. Baina gaur [atzo] telebistan ikusi ez den zerbait aipagarria badago: errepidea. Oso zoru txarra izan dugu, hasieratik bukaerara. Eta txarra diodanean, oso gogorra eta zuloz betetakoa izan dela esan nahi dut. Horrek, noski, lasterketa asko gogortzen du. Normalean, tropelean joateak mesede handia egiten du. Errepide erosoetan, erraz joaten gara tropel barruan, tiraka doazenen esfortzu erdia eginda.

Gaur [atzo], ordea, justu kontrakoa topatu dugu. Oso errepide txarra izan dugu, eta horrek lasterketa asko gogortu du. Taldeburuek, nahiz eta babesean joan, esfortzu handia egin behar izan dute. Horrelako errepideetan kosta egiten da bizikleta aurrera ateratzea, eta oso abiadura motelean joaten gara. Hori guztia ikustea zaila izaten da, baina adibide gisa aipatuko nuke gaur igaro ditugun errepide gehienek erdiko marrarik ez zutela. Badirudi Huescan badaudela errepideak non margo txuririk ez den iritsi.

Errepide horietatik iritsi gara Jacara, eta azken mendatea igo behar izan dugu. Indarrak bukatzen ari ziren ordurako, eta hain etapa gogorra ez zenak espero baino alde handiagoak eragin ditu. Faboritoen artean, batzuek besteek baino denbora gehiago galdu dute, eta kaltetuetan kaltetuena Igor Anton izan da. Aurpegi luzeak dauzkagu taldean, eguna ez delako batere ona izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.