Saskibaloian ez dago berdinketarik; irabazi edo galdu, ez dago erdibiderik. Badira biek irabaztea merezi duten partidak, baina baita biek galtzea merezi dutenak ere.
Bilbo Basketen eta Baskoniaren arteko euskal derbiak azkenetik izan zuen gehien. Biek garaipena behar zuten, bolada txarrean zetozen Miribillako derbira. Baina saskibaloian bakarrak irabaz dezake. Nork esango zuen gaur egungo saskibaloian 69 puntu sartuta partida bat irabaz daitekeenik? Nork eta egungo Baskoniak lor dezake bakarrik, onerako eta txarrerako. Hemen ere ez dago erdibiderik. Bilbo Basketek ere ez du bestelako aukerarik. Horrela uler daiteke inoizko puntu markarik apalena izatea euskal derbietan.
Hutsarteak
Pablo Lasoren taldea ezegonkorra da. Kaunasen irabazteko gai da, eta, aldi berean, Buesa Arenan edozeinen aurka galtzeko. Partida berean ere segida izatea falta zaie. Minutu onak atzetik aurrerakoak dira, defentsa estutu eta korrika egiteko gai direnean. Alde horretatik, entrenatzailearen hutsarteen erabileraren eztabaida piztu da, sare sozialetan batik bat. Badakizue, bertan daude entrenatzailerik onenak: entrenatzen ez ditugun taldeen teknikaririk onenak gara, ez, ordea, gure taldeena. Egiari zor, hutsarteen erabilera asko aldatu da azken urteetan. Jokoa ere beste horrenbeste aldatu da, partzialak asko gertatzen dira, batetik eta bestetik. Horrez gain, dinamika alde edo kontra izan, hurrengo jokaldia prestatzeko erabiltzen dituzte gaur egun hutsarteak. Beste aukerak errieta egiteko izaten dira, erreakzioa bilatzeko. Hor ere ez da erdibiderik egoten. Xehetasunak aldagelarako gordetzen dira gehiago, partidako plana moldatzeko. Chima Monekek irudika dezake taldeko erregulartasun falta hori. Kontratu etetearen albisteren bat edo beste atera denean, AEBetako jokalariak mailarik onena eman du.
Jaume Ponsarnauren inguruan ere antzeko zerbait esaten zuten, inoiz ez dela haserretzen. Hori ere entrenatzailearen figuraren adibide bat da, baina pixkanaka aldatuz doa. Dena ez da partidaren gainean egon beharra, lasaitasunetik ere partidak bizi daitezkeelako. Gainera, entrenatzailearen jarrerak ez luke jokalariengan eragin beharko, horrelako mailetan ez, behintzat. Denboraldiko boladarik txarrenean murgilduta daude bilbotarrak, eta FIBA leihoetako etenaldiak ez die onik egin. Gaur egungo saskibaloian nekez irabazi daiteke 69 puntu sartuta, baina Baskoniak lortu du. Bestalde, are eta zailagoa dirudi hirukoetan 23 saiakera egin eta hiru bakarrik sartuta partida bat irabaztea. Lehiatzea ere asko izan daiteke, aurkariaren arabera.
Hirukoen saskibaloia da egungoa. Europako joera nagusietako bat da, Paris eta Valentzia dira adibiderik argigarrienak. Saskibaloi elektrikoa, bizkorra eta, batez ere, zabala. Ohikoa bilakatu da talde batek hiruko jaurtiketa gehiago egitea bikoak baino. Pibotak hirukoak jaurtitzen ikustera ohitu gara; are gehiago, egiten ez dutenak izaten dira arraroak.
Ordainsaria
Gorabeherak gero eta normalagoak dira, partidetan bakarrik ez, denboraldietan ere bai. Entrenatzaileek badakite oso zaila dela erregulartasuna lortzea egungo egutegiarekin. Horregatik, helburu izaten dute une gozoak baliatzea, luzatzea, eta une ez hain onak ahalik eta gehiena laburtzea. Bilbo Basketek ez du lehendabizikoa bete. Meritokrazia ezartzea zaila edo ezinezkoa bada ere, bizkaitarrek erakutsitako jokoa baino garaipen gutxiago eskuratu zituzten denboraldi hasieran. Orain ari dira gogoratzen Murtzian, Gironan edota Kanaria Handian eskuetatik ihes egindako partidak. Bereziki mingarriak izan ziren lehen biak, luzapenean izan baitziren.
Europan lortutako garaipenak ez dira egoera iraultzeko konponbidea. Gaur (20:00etan) Cholet jasoko dute Bilbao Arenan, Frantziako ligako lehen sailkatua. Bai, Paris Euroligako liderra izango da, baina ez Frantziako Ligakoa. Izan ere, denek ordaintzen dute, gehiago edo gutxiago, Europako ordainsaria. Inor ez delako salbu. Bakoitzak bere prezioa ordaindu behar du, modu batera edo bestera, ez dago erdibiderik.