Nerea Zusberro Alberro.
Futbol entrenatzailea eta kazetaria

Erasorik ez egiteko ituna

2024ko uztailaren 9a
05:05
Entzun

Salbuespen ohoretsu batzuk kenduta, Eurokopa hau ez da batere ikusgarria izaten ari. Kanporaketa itxiak, markagailu estuak, eta, abantailak sortzeko baino gehiago, balizko nahasmena saihesteko prest dauden taldeak ikusten ari gara. Partida askotan badirudi bi lehiakideek erasorik ez egiteko ituna sinatu dutela. Batzuek gehiegizko kontrol taktikoari egotzi diote hori, baina, nire ustez, gertatzen ari dena da talde gutxi daudela benetan landuak, estilo propioa dutenak, eta aurkaria menderatzeko gai direnak. Ez dago sobera taktika, eta aulkiko lana falta da.

Espainia, salbuespena

Espainia da salbuespenetako bat. Eredu propioa lehenetsi du, eta arriskuak hartzen ditu erasoa josteko garaian. Bere bertuteetan jartzen du arreta, eta ez bere akatsetan. Txapelketan gol gehien sartu dituen selekzioa da. Bada, gol gutxien sartu diotena izango du aurkari finalerdietan, Frantziari gol bakarra sartu baitiote bost partidatan.

Portugalen aurka, Frantziak baloirik gabeko marrazkia aldatu zuen. Deschampsek 4-4-2 erronboduna erabili zuen, Portugalek barrutik sortzen duen karratua zenbakiz berdintzeko. Espainiaren aurka, baliteke 4-2-3-1 klasikora itzultzea, Espainiako selekzioaren hegalen indarra kontuan hartuta. Baina erronboa, Palinharen eta Vitinharen aurka erakutsi bezala, eraginkorra da euskarri bikoitzari aurre egiteko. Guendoganek eta Canek Rodri eta Fabian desitxuratu zituzten ia lehen zati osoan. Griezmann eta Kante zeregin horretarako aproposak izan litezke. Horixe da baloia Nico eta Yamalengana ez iristeko eman beharreko lehen pausoa.

Marrazkia alde batera utzita, Espainiak izango du baloia. Frantziaren helburua, berriz, Espainiak korrika ez egitea izango da. Haren alde izango du partidako lehiarik desorekatuena: Mbapperen eta Navasen artekoa.

Ingalaterraren garapena

Suitzaren aurkako lehen zatian, izan beharko lukeen taldearen antza izan zuen Ingalaterrak. Baloirik gabe, aurkariaren zelaian estutu zituen banan bana jokalari suitzarrak. Baloiarekin, berriz, Fodenek eta Bellinghamek barrutik mugitzeko askatasuna izan zuten, eta Mainoo euskarri bikoitzetik askatu zuen Southgatek, lotura lanetan jardun zezan. Ingalaterrak etengabe Sakaren buruz burukoa aurkitzea lortu zuen. Talde astuna da oraindik ere, baina, behintzat, eraginkorragoa izan zen.

Suitzak eta Herbehereek egitura bera dutenez, Southgatek partidaren plana erabil dezake berriro. 5-4-1eko egitura, bloke baxuan ezarrita, aproposa da Depay-Bergwijn aurrelari bikotea itzaltzeko. Koemanek Weghorst aintzat hartu beharko du, kontuan hartuta bere taldeak area okupatzeko eta erdiko atzelariak finkatzeko arazoak dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.