Abuztuak erdia jotzerako, arraun sasoiak hartu du argitzeko joera, eta bi egun barru argitaratutako analisiak hozkailuko arrainaren balioa izango du, ziur aski. Nabarmentzekoen artean, Arraun Lagunak-en garaipen matematikoa; aspaldi usaindu arren, asteburuan bihurtu da errealitate. Hain izan da agerikoa nagusitasuna, gorentasun handiko lana, ezen moxal basatiaren trostak alamena eman baitie estropada aurretxoetan jokalekuetara gerturatu direnei.
Ibilera horren egokitasuna gorabehera —bakoitzak berea, abestiak, eskapularioak edo muñekitoak izan—, trenpu onaren isla hori argigarria izan da orain ez asko erabat zabaldutako joera baten itzaltzea berresteko. Orain baino lehen hedatu zen kazetaritzaren lasta handi hura arraunlarien sare sozial eta bestelakoetan ere. Egunkari batean, hamar orriren aldeaz, zilar olinpikoaren jabea eta edozein gerran ari dena, biak gerlari izendatzeak kirrinka egiten duen eran, karranka eragilea da arraunaren sufrikarioa behin eta berriz azpimarratu beharra ere.
Eskuetako lakarrak, ipurdietako zauriak eta gerriko minak deserosoak dira. Ados, baina inork uste al du kaltea handiagoa balu, benetako sufrikarioa balitz, inork hor segiko genukeenik? Epikotasunak badu bere grazia, baina Kontxako bataila-ren izendapena egokiagoa da duela 211 urteko gertakarientzat. Arraunlaria hor bada, gozatzen duelako ari da. Irabaztean, batez ere.