Nerea Zusberro Alberro.

Emozioa bai, baina sorpresarik ez

2025eko martxoaren 29a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Ematen zuen Txapeldunen Ligako final-laurdenetako kanporaketak erabakita geldituko zirela joaneko partidetan. Bartzelonak eta Olympique Lyonek berretsi zuten gainditu beharreko taldeak direla. Real Madrilek eta Manchester Cityk ezustekoa eman zuten etxean, baina ez zuten balentria gauzatzea lortu itzulikoetan. Edonola ere, bi taldeek, batez ere Espainiakoak, argi utzi dute hazkunde prozesu geldiezinean daudela.

Zazpi finalerdi jarraian

Wolfsburgo oztopo bat baino ez zen Bartzelonaren bidean, Kataluniako taldeak zazpigarren finalerdia jarraian jokatu ahal izateko. Alemaniako taldeak argi utzi zuen bere joko proposamenarekin garai hobeak izan dituela. Haren bloke baxua, 1-5-3-2an kokatuta, ez zen nahikoa izan Bartzelona geldiarazteko. Graham Hansen ohi baino beherago kokatu zen Joelle Wedemeyer Alemaniako hegaleko atzelari erasokorra jauzi egitera behartzeko. Ondorioz, Aitana Bonmatik defentsa lerroaren bizkarrean hausteko tartea aurkitu zuen. Horrela iritsi zen 0-1ekoa. Eta lehenengoaren atzetik beste hiru gol iritsi ziren joanekoan kanporaketa erabakita uzteko. Eta beste sei sartu zizkion itzulikoan.

Jana Fernandezek osatu zuen Bartzelonaren eskuin hegaleko makineria. Badirudi harrobiko gaztea Ona Batleren errelebo nagusia dela, Marta Torrejonen aurretik. Nahiz eta hegaleko moduan jokatu, erdiko atzelarien formakuntza jaso du Masian. Eta horrek Pere Romeuri aukera ematen dio, batetik, hiruko lerroa osatzeko baloia ateratzean eta, bestetik, babestuago egoteko baloia galtzen dutenean. Bere errendimendurik onena behar izango du Bartzelonak albo horretan dabiltzanen, hau da, Lauren Jamesen eta Mayra Ramirezen agerraldiak baretzeko.

Eta Bartzelonarentzat ahultasun den hori Chelsearen indarguneetako bat da. Millie Bright eta Nathalie Bjoern, Ingalaterrako taldeko erdiko atzelari titularrak, oso errematatzaile onak dira buruz geldikako jokaldietan. Halaxe lortu zuten kanporaketa berdintzeko 2-0ekoa Manchester Cityren aurka. Kataluniako taldea deseroso ari da areako defentsa lanetan azken boladan.

Chelseak, aurreko denboraldian bezala, beste aukera bat izango du Txapeldunen Ligako finalerdietan garaiezina ematen duen Bartzelona garaitzen saiatzeko.

Egokitzea eta berrasmatzea 

Atsedenaldian, Real Madril 1-0 irabazten ari zen joaneko partidan. Arsenal jota zegoen, baina ez hilda. Alberto Torilek entrenatutako taldea nagusi izan zen 1-4-4-2 hondoratuaren bidez, erdiko atzelarien bizkarrean tarterik uzten ez zuela. Nahiz eta partida 2-0 bukatu, Renee Slegersek atsedenaldian hartutako erabakiak modua eman zien kanporaketa irabazteko. 

Nola egiten zaio eraso bloke baxu bati? Mugikortasunarekin. Arsenaleko entrenatzaileak Stina Blacksteinus zelaitik kendu eta Alessia Russoren posizioa aurreratu zuen. Aurrelari finkatzaile eta errematatzaile baten ordez jokalari mugikor bat jarri zuen puntan, arerioaren atzelarientzat atzemateko zailagoa dena. Aldi berean, Caitlin Foord eta Chloe Kelly sartu zituen, desorekak sortzea baino zeregin handiagoa izan zuten bi hegaleko jokalari. Foord ezker hegalean kokatuz, Slegersek askatu zuen Arsenal zuzendu behar duen jokalaria: Mariona Caldentey. 

Astebete geroago, Mariona bikain aritu zen itzuliko partidan, aske eta loturarik gabe, oinarrian baloia hartzen jokaldia antolatzeko, Bartzelonan egiten zuen moduan. Eta Russo izan zen partidako jokalaririk erabakigarriena, bederatzi faltsu gisa. Bien artean sartu zituzten kanporaketari buelta eman zioten hiru golak. 

Gidoi bera, aurkari zailagoa

Lyonek baloirik gabe bizitzeko gaitasuna erakutsi du Bayern Munichen aurka. Aurkariak nagusi direnean azaleratzen ditu bertuterik handienak. Joe Montemurrok entrenatutako taldeak antz handia du gizonezkoen Real Madrilekin, bai egituretan, bai jokalarien ezaugarrietan.

Kadidiatou Dianik, Tabitha Chawingak eta Melchie Dumornayk osatzen dute Olympique Lyonen erasoko hirukoa: aurreneko biak hegaletan aritzen dira, eta, azkenekoa, puntan. Dumornay gazteak badaki aurkariaren atetik urrun bizitzen, baloiari bizkarrez eusten eta deskargatzen, bi kideek kontraeraso zorabiagarri bati ekin diezaioten; hau da, Viniciusen eta Rodrygoren antzera. Eta Lindsey Heaps (lehen Horan) Jude Bellingham da. Zelai osoan abantailak sortzeko gai da baloiaren bidez. Arsenalek Linda Caicedorekin sufritu bazuen, Frantziako taldearekin nahiko lan izango du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.