Gustuko lekuan... aldaparik ez. Urtarrileko azken eguna gaur, urtarrileko aldapa bukatzen den eguna, ustez. ACB ligako hiru euskal taldeek urtarrileko aldapa nahiko lukete otsailean, eta martxoan, eta apirilean. Oso hilabete ona izan delako Donostian, nahiko ona Bilbon, eta bukaera onekoa Gasteizen. Lagun Arok azken zortzi partidetatik zazpi irabazi ditu, azkena Galizian, eta jaitsiera oso urrun ikusten du dagoeneko. Hainbesteraino, gaur helburua liga erregularra zortzi onenen artean bukatzea baita. Bilbon eta Gasteizen bezala. Gaurkoz, bizkaitarrak daude kanpoan, baina sartuko dira, ligan lau partida irabazi baitituzte jarraian. Elur urte, gari urte izaten dela dio esaera zaharrak. Uzta oparoko urtea, beraz. Elurrak lehen bisita egin du asteburuan Euskal Herriko mendi eta belazeetara, eta luze geratzeko asmoz etorri da. Oparotasun bera izango al da euskal saskibaloian? Elurra urtzen hasten denean jakingo da, otsailak lan erdiak betetzen dituenean.
Zaila erraz egiten denean. Orain ez asko, balentria litzateke Lagun Arorentzat Obradoirori bere etxean irabaztea. Herenegun, lan erraza zirudien. Alegia, Santiagon aise irabaziko zuela, edo irabazi behar zuela zirudien. Eta hala izan zen, komeri batzuk pasatu bazituen ere, bukaeran garaipen erosoa lortu zuelako Sito Alonsok zuzendutako taldeak. Bederatzi garaipen dauzka dagoeneko, eta beste pare bat baino ez zaizkio falta urrian helburu nagusia zena iristeko, mailari eusteko, alegia. Hori lortzean finkatuko dira beste helburu batzuk, baina horietaz eztabaidatu aurretik, zenbat talde daude gaur-gaurkoz Lagun Aro baino joko bolada hobean daudenak? Bat, bi, bat ere ez? Igandean Valladolid dator, eta Koparen aurreko azkenekoa Valentzian izango da. Talde handi baten aurka. Han jakingo da donostiarrek Kopan zer egin dezaketen.
Gertu. Bizkaiak joan den sasoian lortu zuen konfiantza, feeling-a. Lau garaipen errenkadan, defentsa bikaina, D'Or Fischer egurrean, Josh Fisher aulkitik laguntza handia ematen, Banic puntuak sartzen eta Jackson gidatzen... Pausoz pauso, martxa hartzen ari da Bizkaia, eta une egokienean, akatsik egiteko tarte handirik ez zeukanean. Balantze pobrea zena txukundu egin du hilabete eskasean (5-9 urtarrila hasieran, 9-9 orain), eta hurrengo sasoian Europan jokatzeko arriskuak urrun samar dirudi orain. Hamasei partidetatik zazpi-zortzi irabazi beharko lituzkete bizkaitarrek, zortzi onenen artean sartzeko, eta, itxuraz, lortzeko moduko erronka dirudi. Igandeko aurkaria ligako onenetakoa izan arren: Real Madril, Espainiako hiriburuan. Lau egunen buruan Pablo Lasoren taldearen aurka jokatuko duen bigarren partida izango da, jarraian. Bihar aurrez aurre izango dira Euroligan Biak irabazita, Gescrap onena bueltan dela esateko une ona litzateke.
Bidea zuzentzen. Meritu handiko garaipenalortu zuen Caja Laboralek, plaza zailean. Eta gutxik espero bezala, Sevillako izarra lehortuz, eta inork espero ez zuen jokalariari esker, Milko Bjelicari esker. Aulkian utzi zuen Dusko Ivanovicek, faltengatik babesteko, eta Golubovic kantxaratu zuen. Golubovicek, ordea, bi falta egin zituen bost minututan, eta Bjelicak Davis zigortu zuen. Defentsan, eta erasoan, blokeoa eta jarraipenarekin (hamahiru puntu denera). Errebotean nagusi izan zen Baskonia, eta datu ona da hori, Banca Civicak indar handia baitu saskipean. Datuaren harira, hausnarketa hau egin zuen Ivanovicek: «Errebotea ez da garaiera kontua. Desira handien erakusten duenak hartzen ditu, ez garaiena denak». Nabarmentzeko modukoak Heurtel eta Olesonen jokaldi onak, eta Teletovicen txakalaldia. Hiruko jaurtiketa kopurua handitu du berriro, baina bere puntu uzta jaitsi egin da azken partidetan nabarmen. Nekatuta nabari zaio.
Zonakako defentsa
Elur urte, gari urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu