mikel reina

Elkarrekin lotuta

2024ko apirilaren 30a
05:25
Entzun

Aste honetan amaitu daiteke Baskoniak Euroligan duen parte hartzea, denboraldi honi begira, behintzat. Denek nahi dute gutxienez bihar ez izatea, eta ostiralera arte luzatzea parte hartze hori. Eta zergatik ez beste astebete? Zaila da, baina ez ezinezkoa. Bi aste geratu ahal zaizkie gasteiztarrei Euroligan zein ACB ligan, eta Real Madrilen aurka itxi dezakete sasoia bietan.

Euroligan, kanporaketen aurreko lehia gainditu eta gero, ondo baino hobeto zekiten Europako talderik sendoena izango zutela aurrean. Orain arte Real Madrilek ez die lehiatzeko aukera txikiena ere utzi. Esango nuke bihar, Baskoniaren eskuetan baino gehiago, madrildarren eskuetan dagoela partida, eta kanporaketa bera. Buesa Arenan edozer gauza gerta daiteke, hamaika ikusteko jaioak gara, baina benetan zaila dirudi. Asteburuan Baskoniak Palentziaren kontra jokatutako norgehiagokak, zalantzak uxatu beharrean, handitu egin zituen. Bihar, berriro ere, Markus Howarden enegarren erakustaldiaren menpe geratuko dira arabarrak. Ez dago erdibiderik denboraldi honetan. Kale edo bale.

Etxean jokatuko dituen azken partiden menpe egongo da denboraldia luzatzea. Hori da albisterik onena. Txarrena, gainontzeko taldeek ere jokatzen dutela, baita irabazi ere. ACB ligan, Manresak Valentziari irabazi zion asteburuan, eta gasteiztarrak zortzi talde onenetatik kanpo daude beste aste batez. Dusko Ivanovicek zuzentzen dituen jokalariek etxeko bi partidak irabazi beharko dituzte gutxienez, kanporaketetan sartzeko. Partida horiek Gironaren eta Murtziaren aurka jokatuko dituzte. Manresak, berriz, Zaragoza, Bilbo Basket eta Tenerife izango ditu aurkari, eta bizkaitarren aurkakoa baino ez dute jokatuko etxean. Sailkapenean berdinketa egonez gero, Baskonia egongo litzateke aurretik, sasoi honetako bi partidak irabazi baitzizkion Manresari.

Begiak zabalduz

Bilbo Basketek, berriz, ezer gutxi dauka jokoan: denboraldia ahalik eta modu onenean amaitzea. Hala, datorren denboraldiari begira lana aurreratzen joan daitezke. Txapeldunen Liga jokatzea zail izango dute. Lau toki izango ditu ACB ligak txapelketan, eta hiruk dagoeneko jabea dute: Unicaja, Tenerife eta Murtzia. Laugarrena lortzeko hautagai nagusia, hain zuzen ere, Manresa da.

Azken batean, denen bizitzak elkarrekin lotuta daude modu batean edo bestean. Hala gertatu da azken bi urteetan Ibon Navarroren eta Txus Bidorretaren bizitzekin. Orain arte Navarro nagusi izan da. Aurreko sasoian Espainiako Kopako finala irabazi zion, eta denboraldi honetan Txapeldunen ligakoa. Herenegun jokatu zen finala. Navarrok duela urte batzuk ezinezkoa zirudiena lortu du: Unicaja berriro ere gorenera eramatea. Ez hori bakarri, baita bertan mantentzea eta egonkortzea. Azken bi denboraldietan bi garaikur lortu ditu. Arrakasta, ordea, ezin daiteke esan bete-betea izan denik. Belgrad Arena txiki geratu ohi da Izar Gorriaren eta Partizanen partidetan, baina oso handi geratu da asteburuko Lauko Finalean.

Eskubideak irabaziz 

Emakumezkoetan, Iraurgi Challenge mailako —Espainiako Bigarren Maila— taldea da berriro. Gipuzkoarrek Utebon (Zaragoza, Espainia) jokatutako igoera faseko partida guztiak irabazita lortu dute igoera. Faborito nagusia Barakaldo bazen ere, liga erregularrean ez baitzuten partidarik galdu. Euskal Herriak ordezkari bat izango du emakumezkoen Espainiako Bigarren Mailan, Ardoiren igoeraren ostean.

Gora ez baizik behera egin du, orokorrean, Ohorezko Mailan dagoen kalitateak. Ez da txapelketa parekatua sasoi honetakoa, eta talde onenek behera egin dute. WNBAk dena baldintzatzen du. Ameriketako Estatu Batuetan kontratua ziurtatuta daukatenek alde egiten dute Europan txapelketak amaitu baino lehen, baita han kontratua sinatu nahi dutenek ere. Horrenbestez, talde onenak bestelako jokalariak fitxatzera derrigortuta daude, garaikurren lehian egon nahi badute. Munduko ligarik onenean oraindik lekua ez dutenak, hain zuzen ere. Gainontzeko taldeak, aldiz, arriskatzera derrigortuta daude. Esan diezaiotela bestela IDKri. Dulcy Fankamek ez zuen Valentzia Basketen aurkako kanporaketa jokatu. Nahikoa egin zuten donostiarrek bi partidetan. Europan jokatzeko aukera irabazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.