Estitxu Zabala.
«BIKIN GORA!»

Ehunen bat

2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak honela definitzen du ehunen hitza: «Kopuru bat banatzen den ehun zati berdinetako bakoitza». Ez zait egokia iruditzen. Esanahi zuzena hori izango da, baina kirolerako ez du balio. Sinpleegia da. «Zerua eta infernua banatzen dituen marratxoa», «Dena edo ezer ez eman dezakeen denbora zatitxoa», «Gorrotatu edo maitatu dezakezun bizitzako unetxoa», «Betirako gogoan izan dezakezun zenbaki madarikatua edo kuttuna»... Halako zerbait, hobe.

Aurten egon dira ehunenak arraunlari baten baino gehiagoren buruan... TKE ligan, hamalau ehunenek utzi zuten Hondarribia garaipenik gabe, uztailaren 15ean. hamalau ehunen haiek eman zioten Urdaibairi A Coruñako Bandera. Gipuzkoako Ligan, 32 ehunenek utzi zuten Donostiarra banderarik gabe larunbatean. 32 ehunen haiek eman ziguten Hernanikoei Madalenetako Bandera, gure lehenengoa. Euskotren ligan, 56 ehunenek utzi zuten Hibaika garaipenik gabe, igandean. 56 ehunen haiek eman zieten Batelariei Aldundiaren Bandera.

Ikusleentzat hain dira bizigarriak halako estropadak... arraunlarientzat hain da gogorra halako estropadak jokatzea,photo finish-aren zain egotea... Aukeran, hobe Donostiarra eta Lapurdikoena, ehunenei erreparatu gabe, asteburuko bina banderak lasai etxeratuta, KAE ligetan.

Indartzeko ere balio omen dute ehunenek, edo hori zioten Madalen ontzikoek Facebooken: «Honetan zentesimak gure aurka izan dira! Baina udara luzea da oraindik. Honek indartu egiten gaitu, bihar labana hortzetan entrenatzera indarrez eta gogoz joateko». Gaur ere, Lekeition, minutu eta segundoen ostean, denborak eta denbora tarteak markatuko dituzte ehunenek. Protagonista izango al dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.