Arrauna. Kontxako Bandera. Trapailazko olatutik

Eguraldia protagonista

2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kontxako Bandera emozioz beterikoa izan ohi da. Bi jardunalditan jokatzen denez, denboren batura beharrezkoa izaten da irabazlea nor den jakiteko. Aurten gauzak oso desberdinak izan dira, eta egoera asko okertzen ez bada, Urdaibai izango dugu aurtengo Kontxako Banderako irabazlea. Hori gutxi balitz bezala, Hondarribiaren eta San Juanen postuak izan ezik, beste guztiak ere oso finkatuta gelditu dira. Beraz, bi jardunaldiko estropada izan beharko litzatekeena bakar batean erabaki dela esan daiteke.

Igandeko traineruen denborei erreparatuz, bi estropada ezberdin jokatu zirela argi ikus daiteke. Lehenengo txanda itsaso zakarrarekin eta haize indartsuarekin jokatu zen. Bigarrenean aritzekoak ginenok bagenekien haizeak eta olatuak gora egingo zutela, baina nork esango zigun hainbesteko haizea etorriko zenik? Eguraldi aldaketa honek bi txanden arteko aldeak izugarriak izatea ekarri zuen, eta bigarren txandan jokatzea egokitu zitzaigunok Kontxa irabazteko inolako aukerarik gabe utzi gintuen. Nola da posible bestela hiru minuturen aldeak ateratzea? Tamalez, batzuei zortearen alde txarra tokatu zaigu, eta gure esku ez dauden faktoreen aurka ezin dugu ezer egin.

Horiek horrela, Urdaibai zoriondu behar dugu, oso estropada ona egin zuelako, baina goraipatzekoa da Astillerok egin zuena ere. Nire ustez, igandeko estropadarik onena Astillerok egin zuen, eta lehenengo txandan egon izan balitz Urdaibairen aurretik sartzeko gai izango zela esango nuke. Hala ere, hori ez dugu inoiz jakingo, eta gertatutakoa oso ezberdina izan zela argi islatzen dute denborek.

Aurreko astean, irabazle argi bat egongo zela esan nuen: Kaiku. Baina pronostiko guztiak pikutara joan dira, eta egundoko ezustekoa litzateke Urdaibaik ez irabaztea. Halere, Kaiku ezinezkoak diruditen gauzak egiteko gai da. Beraz, lasaitzea ez da errezeta ona bermeotarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.