Hau izango da emakumezkoen Txapeldunen Ligak multzoen fasea izango duen azkeneko denboraldia. Lau multzotan banatuta, hamasei talde arituko dira nor baino nor gehiago, final-laurdenetarako sailkatzeko. Multzo bakoitzeko bi talde onenek lortuko dute hori. Datorren denboralditik aurrera, gizonezkoen txapelketarekin gertatu den bezala, kanporaketen aurreko liga bat jokatuko da, hemezortzi taldez osatuta.
Sasoi honetan, debutari ugari izango ditu lehiaketak. Esaterako, Celtic eta Galatasaray izango dira, hain zuzen ere, txapelketa jokatuko duten Eskoziako eta Turkiako lehen taldeak. Hammarbyk, Valerengak eta St. Pölenek ere ez dute inoiz egungo Txapeldunen Liga jokatu. Emakumezkoen futbolak bere erritmoan jarraitzen du, eta datorren denboraldian beste urrats bat egingo du daraman hazkunde prozesuan.
Finalisten multzoa
Azken bi denboraldietako txapeldunordeek elkarren aurka jokatuko dute A multzoan. Biek eman behar izan zuten amore Bartzelonaren aurka, Wolfsburgek duela bi denboraldi, eta Lyonek aurreko sasoian. Lyonek bere izar gehienak mantendu ditu, baina aurpegi berria du aulkian. Sonia Bompastorrek Chelsearekin sinatu zuen, eta Joe Montemurro da frantziarren entrenatzailea orain. Australiarra Italiako ligako—A Seria— txapelduna izan zen Juventusekin, eta Ingalaterrako liga —Women's Super Liga— irabazi zuen Arsenalekin.
Lyon handira duela gutxi iritsi bada ere, badirudi uko egin diola Bompastorren 1-4-1-4-1 klasikoarekin jokatzeari. Barruko jokoa indartzeko asmoz egin du hori. Taldearen zutabe nagusiak mantentzen ditu: horien artean Damaris Egurrola nabarmendu behar da. Euskal herritarrak ezinbestekoa izaten jarraitzen du. Wolfsburgen, Svenja Huth eta Alexandara Popp aurrelari beteranoek Jule Brand gaztearekin partekatzen dute aldagela.. Huthek eta Poppek nekaezinak dirudite. Judek 20 urte ditu, eta etorkizun oporoa. A multzoa Erromak eta Galatasarayk osatzen dute.
Aurrepauso baten bila
B multzoan, Chelseak eta Real Madrilek hirugarren aldiz jarraian jokatuko dute elkarren aurka. Biek ala biek lehiaketan aurrerapauso bat emateko helburua dute. Azken bi denboraldietan Bartzelonaren aurka finalerdietan galdu ostean, finalera iristeko gogor borrokatuko da Chelsea. 2021ean sailkatu zen azken aldiz. Mayra Ramirez aurrelaria da hori lortzeko dituen jokalari bereizgarrienetako bat.
Real Madrilera zazpi jokalari berri iritsi ziren udako merkatuan; besteak beste, Espainiako selekzioan aritzen diren Alba Redondo eta Eva Navarro. Liga hasiera honetan, Alberto Toril jokalari guztiak bete-betean egotea lortzen ari da. Madrilgo taldea errendimendu bikaina eskaintzen ari da. Hala jarraitu beharko du lehen aldiz finalerdietara iritsi nahi badu. Twente eta Celtic dira B multzoan dauden beste bi taldeak.
Multzorik gogorrena
Aurreko denboraldian gertatu bezala, Bayernek Arsenalen aurka jokatuko du. C multzoa da txapelketako zailena. Gunner-ek Mariona Caldentey fitxatu dute uda honetan. Ezusterik ezean, Bartzelonako jokalari ohia izango da taldearen joko ereduaren liderra. Juventusek, guztien harridurarako, PSG kanporatu du atariko kanporaketan. Frantziarrak finalerdietara iritsi ziren aurreko denboraldian. Turingo taldeak maila altuko hainbat jokalari ditu, baita etorkizun oparoa duten Italiako jokalarietako bat: Chiara Beccari. Hurbiletik jarraitu beharko dugu. Valerenga izango da C multzoko Errauskina.
Titulua nahi du berriz
Hammarbyzen eta St. Pöltenezen aurka ez ezik, egungo txapeldunak, Bartzelonak, Manchester Cityren aurka ere jokatuko du D multzoan. Hauxe izango da Herrialde Katalanetako taldeak egin beharko duen lehenengo urratsa hirugarrenez jarraian titulua irabazteko. Oraingoz soilik Lyonek lortu du.
Laia Codina da Arsenalen atzeko lerroaren liderra, eta Laia Alexandri Citukoa. Biak Bartzelonako jokalari ohiak dira. Cityk, gainera, Aoba Fujino fitxatu berri du. Japoniarrak talentu handia dauka, eta Europan jokatuko du lehenengo aldiz. Yui Hasegawarekin batera egingo du. Ez dira bistatik galdu behar.