mikel reina

Eguneko menua

2024ko urriaren 9a
05:05
Entzun

Hasierak beti dira garrantzitsuak; ez bakarrik saskibaloian, bizitzan, oro har. Lehen aho zaporeak asko baldintza ditzake gainerako platerak. Era berean, beti daude postreari gainerako platerei baino garrantzi handiagoa ematen dietenak, azken zapore gozo horrengatik.

Platerak

Talde askok denboraldiaurrean jarraitzen dute oraindik, lehiaketa ofizialki hasi bada ere. Beste batzuek hasiera horretara ahalik eta ondoen heldu nahi izan dute; besteak baino hobeto, behintzat, bai. Etxeko lanak aurreratu. Horrenbestez, lehen jardunaldietan ez da arraroa ezustekoak egotea, normalean baino gehiago. ACBn, adibidez, hiru taldek baino ez dituzte irabazi jokatutako bi neurketak: Unicajak, Bartzelonak eta Kanaria Handiak.

Baskoniak oraindik ez du irabazi. Aurreko sasoiko mantra bera errepikatzeko beldur da Pablo Laso, hau da, asteko ahalegina Euroligara bakarrik bideratzea. Hain zuzen ere, horretara jo zuen entrenatzaileak, ACB bigarren platera izango balitz bezala. Sasoi honetan, ordea, ezin daiteke plater bera errepikatu, berriro zortzi talde onenetatik kanpo geratzea. Alde horretatik, hiru atzerritarren egoerak ez du laguntzen. Zerbait, pasaporte famatu eta magiko horietako bat, izan behar du baten batek zain. Taldea berez ez da luzea Euroligan aritzeko, are gutxiago ACBn jokalari bat kenduz.

Bilbo Basket izan da denboraldiaurrean prestakuntza aurreratu duten taldeetako bat, FIBAren Eurokopako kanporaketa aurrekoa jokatu behar izan baitzuen Liga hasi aurretik. Azken urteetan denboraldi hasiera bikainak egin dituzte bilbotarrek. Horrek lasaitasuna eman zien, eta oraingoan ere errezeta bera errepikatu nahi dute. Izan ere, aurreko denboraldian, behin Europako txapelketa hasita, astean bitan jokatuta arazoak izan zituzten emaitza onak lortzeko. Oraingoan ez dute astirik, gaur norgehiagoka daukatelako Miribillan. Balkan Botvegrad hartuko dute. Baskoniak Izar Gorria hartuko du, eta klub bera izango du aurrean IDK-k Gaskan. Hiru taldeak ordu berean arituko dira: 20:00etan. Ez dugu pantaila nahikoa izango denak aldi berean ikusteko. Plater konbinatua.

Ohorezko Mailako lehen jardunaldia ere ez zen ona izan: lau taldeek galdu egin zuten. Okerrena da horietako hiruk etxean galdu zutela. Hasierako erregulartasun falta hori ez da bakarrik euskal taldeetan gertatzen. Real Madrilek Coruñan egin zuen huts, eta Bartzelonak Vilniusen. Europara hedatzen den sintoma bat da. Izar Gorriak ere ABA ligako lehen bi lehiak galduta jokatuko du Baskoniaren aurka. Zalgirisi Lituanian eta Monakori Frantzian ere kontrako eztarritik sartu zaizkie lehen platerak.

Beste bat

Ameriketako Estatu Batuetan saskibaloiak ez du etenik. Buffet formatua daukate, eta nahi beste hartu daiteke. NBAko denboraldiaurrea martxan da, eta WNBAn finalak hastear dira. Argi dagoena da azken bi denboraldietako txapeldunak ezingo duela berriz ere garaikurra irabazi. New York Libertysek mendean hartu du Las Vegas Aces finalaurrekoetan. Iragan sasoiko finaletako mendekua hartu dute. Sabrina Ionescu, Breanna Stewart eta enparauek beste aukera bat izango dute garaikurra lortzeko.

Beti izan ohi da errazagoa jaten hastea, «nahiko da» esatea baino. Esan diezaiotela bestela Diana Taurasiri. Inoizko jokalaririk onenetarikoa da, WNBAko hiru eraztun ditu eta jokalari baliotsuenaren sari bat. Gainera, inork baino domina gehiago ditu Olinpiar Jokoetan. Kontzertuetan bezala, «beste bat» oihukatu zioten, ustez azken partida jokatu baitzuen. Sue Birdek onartu zuen horrela konbentzitu zutela bere ibilbidea beste urte batez luzatzeko.

Bidea egin zuten jokalariak izan ziren, eta orain beste batzuk ari dira hura zabaltzen. Caitlin Clark bilakatu da erreferente. Jokoa aldatu dezakeen jokalaria da, eta gazte onenaren saria irabazi du. Errekorren sasoia izan da oraingoa WNBAn. Puntuen, asistentzien eta erreboteen markak hautsi dituzte. Aja Wilsoni, Caitlin Clarki eta Angel Reeseri esker izan da hori. Azken biak, gainera, lehen urteko jokalariak dira. Emakumezkoen saskibaloiaren hazkundea etengabea da, geldiezina, batez ere Estatu Batuetan. Baina beste baterako utziko dugu, tartea merezi du eta. Merezi dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.