Danel Agirre.
SASKI DA!

Egin Twisterrean Chris Paulekin

2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
DNA azterketa. Jokatzeke dituen zortzi lehiatan gailenduta, Golden State Warriorsek azken hogei urteetako sasoi erregular perfektuena burutuko luke.Michael Jordanen Chicago izan zen 69 garaipen zakuratzen azkena, 1997an. Beste eraztun bat aise ipini zuen atzamarrean gero talde ahaztezin hark. Izan dira, ordea, antzeko marka ezarri eta kanporaketetan hortzetako galantak jaso dituztenak ere. 2007an, Dallas Mavericks 67 norgehiagokatan nagusituta iritsi zen apiril amaierara. Dirk Nowitzkiren jardunak jokalari onenaren bere garaikur bakarra merezi izan zuen. Baron Davis eta Stephen Jacksonen Warriors egokitu zitzaien preseski Texasekoei lehenbiziko kanporaketan. Galtzailearen DNAa zuen frankizia zen (da) Golden State, titulurako bide bihurrian abiatzeko perfektua. Sei partida nahikoak izan zituzten, ordea, Oaklandekoek Dallas harri eta zur utzi eta NBAren historiako ezusteko handienetakoa biribiltzeko.

Oklahoma, mesedez. Patuaren 2007ko apeta hura bueltan bidaliko ote dien ez frogatzeagatik bakarrik, Stephen Curry eta haren taldekideak askoz lasaiago biziko dira Dallasek behingoz lehiak galtzeari utzi eta Mendebaldeko konferentziako zazpigarren postua baieztatzen badu. Golden Statek Kevin Durant eta —ia ziur— Serge Ibaka gabeko Oklahoma izango ditu horrela parean estreinako kanporaketan. Titulurako bide bihurrian abiatzeko arerio perfektua, 2007ko Warriors haiek bezala. Beste ezusteko bat suertatuz gero, ordea, kontsolamendurik badute Kalifornia iparraldean. Dallas txapeldun izan zen azkenik 2011an, LeBron Jamesek Miamin bildutako hirukote ahaltsua zapuztuta.

Parodia Instagramen. Clippersen aurka beste garaipen bikain bat pilatu zuen Golden Statek asteartean Los Angelesen. Gaueko irudia Curryren maniobra liluragarri bat izan zen. Saskirako norabidea ziztu batean hartzeko punpa egin, eta Chris Paulek zangoak aktibatu zituen hari jarraitzeko. Atzera kanpoaldera egin zuen, ordea, Warriorseko antolatzaileak, eta Paulek bira eman ezin eta parketean eskua ipini behar izan zuen zilipurdika ez erortzeko. Bakarrik altxatu, eta Curryren bost metroko saiakera saretik leun igaro zen, arerioak seko jarraitzen zuelarik. Dutxatu eta gutxira, Photoshopekin egindako muntaia eseki zuen Paulek Instagramen. Eskua lurrean duela, haur batzuekin Twisterrera jokatzen ageri da. Bere burua parodiatzea baino ez zitzaion geratzen.

Pablo, kendu txandala. Isil-isilik azpikari papera hartzen ari zen Houston Rocketsentzat albiste kaskarra joan zen astean: Patrick Beverley antolatzaileak eskumuturra apurtu, eta datorren sasoia arte ez da itzuliko. Transferentziarik egiteko betarik ez, eta aulkira begiratu behar izan du Kevin McHale entrenatzaileak. 2011n Dallasi gatza eta piperra ipintzen zizkion Jason Terry topatu du han. Saskiratzailea da zuzendaria baino, eta hogei minutuz patxada ekarriko duen osagarri bat behar du alboan. McHalek albora bigarren begi-kolpea, eta Terry bezala 37 urte dituen beste beterano bat topatu du han: Pablo Prigioni. Protagonista izango da Houstonen kanporaketetako abenturan, zoritxarreko karanbola baten ondorioz bada ere.

Barraskiloak helmugan. Ekaineko Draft aukeraketan Jahlil Okafor edo Karl-Anthony Towns bezain pieza desiragarriak izango direnez erakusleihoan, ahal den txartel gehien pilatu nahian ari da beheko tropela, lehenbizi aukeratu ahal izateko. Posizioak zozketa bidez aukeratzen dira ekitaldia baino aste batzuk lehenago, baina azken putz izandakoak puxtarri gehixeago izan ohi ditu loteria-ontzian. Horregatik, behin sasoiaren une honetara iritsita, bospasei frankizia eskasenentzat komenigarria da galtzen jarraitzea, enkanteko arrantzari begira. Lehia aberranteak eragiten ditu NBAren sistemaren zehaztasun honek, Los Angelesek eta Filadelfiak aste honetan bertan jokatutakoa kasu. Jordan Clarksonen azken segundoko saskiratze batekin gailendu, eta Lakerseko jokalarien ospakizuna ezin hotzagoa suertatu zen. Byron Scott entrenatzaileak bere buruari galdegingo zion, ziur asko, nola den posible galdu nahi eta ezin lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.