Bi ordu ere ez dira igaro etapa amaitu denetik, eta ohean etzanda nago, erabat lehertuta. Baina badakizue zer? Pozik nago. Pozik, itzulia hasi zenean ez nintzelako gai tropelari jarraitzeko, eta gaur lehen 50en bueltan helmugaratu naizelako. Gaixotuta, geldirik egon behar izan dut pare bat astean, eta arduratzen hasita nengoen, gorputza ezin nuelako ekarri bere onera. Giroa daukat buruan, eta pixkanaka hasi naiz sasoi on hori berreskuratzen. Eskerrak.
Etapari buruz, berriz, ez dakizuen zer esango dizuet, ba, nik! Taldekideei argi esan diet, etapa hasi aurretik, drama txiki bat izango genuela egun guztian baina drama handiaren bezperako etapa besterik ez zela parean geneukana. Broma giro horrekin ekin diogu etapari, eta benetan gogorra izan da eguna. Hotza, euria, erritmo beldurgarria lehen zatian... Pentsa, Bilbon bertan, lehen kilometroetan, atzean geratu dira hamar-hamabi txirrindulari. Oso arriskutsu zeuden errepide guztiak, eta lehertuta iritsi gara denok helmugara.
Alde horretatik, bizikleten tubularrei buruz egin nahiko nizkizueke bi hitz. Vittoria etxeko tubularrak erabiltzen ditugu, eta orain urte batzuk arazo asko izan genituen. Akatsen bat izan zuten, nonbait, fabrikan, eta egun euritsuetan ez ginen gai izaten erori gabe ibiltzeko. Indurainen garaian ere Vittoria etxekoak izaten ziren tubularrik onenak, eta orain ere hala dira, baina gogorra izan zen arazoak eduki zituzten urte eta erdi hori. Gogoan daukat Donostiako klasiko batean nola erori eta eskumuturra apurtu nuen. Orain, behintzat, zuzen-zuzen joaten gara, inolako mugimendurik gabe.
Etapan, agian, baten batek pentsatuko zuen Peter Velitsen taldetxoa helmugaraino irits zitekeela, baina, beti gertatzen den moduan, San Migeldik Arrate igotzen hasi arteko zatian egon da gakoa. Igoera txiki batzuk badaude tartean, eta hor egurrean joaten dira beti atzean. Pentsa, minutu eta erdi kendu diete kilometro gutxian. Sky dotore aritu da lanean, nire ustez; kontrolpean izan dute lasterketa, eta atzean utzi dute egun arriskutsuetako bat. Besterik gabe, gozatu zuek drama handiarekin!
Euskal Herriko Itzulia. Guadalupetik
Drama txikitik handira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu