Nerea Zusberro Alberro.

Deseroso bizi

2025eko otsailaren 12a
05:05
Entzun

Reala Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatzeko lehiatuko da bihar, Danimarkako Midtjylland taldearen kontra. Ez da talde oso ezaguna, baina bere burua ezagun egin nahi du. Estilo aldetik, Donostiako taldeari gustatzen ez zaizkion horietakoa da.

Teknikoki ez du kalitate handiko jokalari multzoa, baina hainbat osagai ditu aurkaria deseroso sentiarazteko modukoak. Ez du baloia askorik edukitzen, eta ez du eraso posizional luzerik sortu nahi. Erosoago ibiltzen dira trantsizioetan eta zuzen jokatzen.

Bestalde, oso aurkari oldarkorra da baloia ez duenean. Aurkari handien aurka jokatu zuen lehen ligaxkan, tartean Porto eta Fenerbahce, eta baloia ateratzeko plana aldatzera behartu zituen. Hala ere, goi presioan duen oldarkortasuna tarteko, askotan haren defentsa lerroaren bizkarra agerian geratzen da. Realak bere gabeziak leundu beharko ditu final-zortzirenetan Ingalaterrara bidaiatu nahi badu. Izan ere, kanporaketa hau gaindituz gero Tottenham edo Manchester United izango du aukari.

Aurkariaren presioa gainditu

Reala hobeto moldatu izan da baloia ateratzean. Talde txuri-urdinak egiten duen bezala, Midtjyllandek parekatu egiten ditu erasoko jokalariak. Erasoko hegaleko jokalariek Realeko erdiko atzelariak estutuko dituzte horiek euskarriari lekua egiteko zabaltzen direnean. Aurrelaria, berriz, Zubimendiren gainean egongo da hiruko baloi irteera hipotetiko horretan. Noizean behin, gainera, baliteke Remirorenganaino salto egitea. 1-4-3-3tik abiatuta, Danimarkako taldeak erronbo itxura hartzen du goi blokean kokatzen denean. Remirok baloia luze jotzea garrantzitsua izango da goi presio hori gainditzeko, hegalak bilatuz. 

Hegalak aurrera egiteko esparru gisa

Realak beheko hegalak aurkitzen dituenean, zalantza sortzen du aurkariarengan. Haren hegalek aurrera egiteko edo bloke gisa atzerapauso bat emateko aukera bikoitza izango dute. Adibidez, Adam Gabriel eskuineko albokoa oso erreaktiboa da, eta presio salto luzeak egiteko joera du. Egoera horiek baliatu behar ditu Realak mugimendu sakonak egiteko. Bloke ertainean finkatzen direnean ere, kanpoko erreiak aprobetxa daitezke. 1-4-1-4-1 marrazkian kokatzean, gehiegi baskulatzea da haien joera. Realak aukera izango du Kubo bilatzeko pase luze gurutzatuen bidez, zuzenean aurre egin diezaion parean izango duen jokalariari.

Buksa jokotik at utzi, eta bigarren jokaldia irabazi

Midtjyllandeko jokalariak 1,85 metro luze dira batez beste. Baina badira garaiagoak ere. Horietako bat da Adam Buksa. 1,91 neurtzen du. Realaren atzealdea deseroso sentiarazten duten aurrelari horietakoa da. Aurkariaren arean duten erreferentea izateaz gain, Danimarkako taldeak goian finkatzeko duen joan jokalari nagusia da. Midtjyllandek ez ditu egitura konplexuak helburu izaten erasoan, eta ez du soberako edo gehiegizko paserik egiteko arriskurik hartzen. Bai Dioak, bai Mads Bechek, bi erdiko atzelari titularrek, baloi luzeen bidez bilatuko dute. Aguerdek Buksa zainduko luke. Gainera, Realak kontuz ibili behar du bigarren jokaldiarekin, Osorio gertu ibiliko baita. 

Geldikako jokaldiak, imajinatzen ez dugun bezala

Azken boladan Reala sufritzen ari da geldikako jokaldietan. Horren adibiderik onena Lazioren aurkako partida izan zen. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak azkenaldian ez du ohiko ziurtasuna erakusten defendatzeko orduan. Midtjylland trebea da hegaleko sakeen bidez golak sartzen. Hala sartu zituen golak Fenerbahceren eta Ludogoretsen aurka Europa ligan, eta Velje BKren aurka Danimarkako Superligan; hirurak antzekoak izan ziren. Erdiko atzelari jokatzen duen Bechek indartsu ateratzen du baloia hegaletik, eta beti dago jokalariren bat arean sortzen den kaosean arrantza egiteko prest.

Nahiz eta Midtjylland ez den zailenetako bat Realak izan zitzakeen aurkarien artean, txuri-urdinek deseroso egoten ikasi beharko dute kanporaketa igaro nahi baldin badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.