Denboraldiaurreak ez dira ondorioak ateratzeko garaia izaten; ezta gutxiago ere. Euskal Kopa garaikur bat da, baina denboraldiaurrean jokatzen da. Garrantzi handiagoa edo txikiagoa ematen dio talde bakoitzak, baina benetan garrantzitsua izango balitz ez litzateke orain jokatuko.
Hausnarketak
Ez dugu ahaztu behar duela urtebete partida bera bertan behera utzi behar izan zela Galdakaoko Urreta kiroldegian (Bizkaia) zegoen hezetasunarengatik. Aurten, egoitzak Azpeitia eta Beasain dira (Gipuzkoa). Azkenean, denboraldian gorengo mailako partidez gozatzeko hainbeste aukera ez duten zaleak ere erakarri behar dira, ez bakarrik betikoak. Iraurgik, gainera, 50. urteurrena du aurten.
Bestalde, gurea ez da izan beharko lukeena. Ez du, adibidez, Kataluniakoaren antzik; hasteko, Nafarroako taldeak alde batera uzten direlako. Emakumezkoetan, esaterako, lau euskal talde izango ditugu Ohorezko Mailan sasoi honetan, baina hiruk bakarrik jokatuko dute Euskal Kopa datorren astean: IDk-k, Gernikak eta Araskik; Ardoik, ordea, ez. Eta beheko mailetan ere gauza bera gertatzen da.
Jarraipena ere ez da oso handia zaten, ordutegiek ez dutelako askorik laguntzen. Azpeitian, gainera, ez zen bakarrik ordutegia izan. Sarreren prezioak ere izan zuen zerikusia. Bilbo Basketeko Hirukoa animazio taldeak ez bidaiatzeko hautua egin zuen prezioak «gehiegizkoak» zirelako. Sarrerarik merkeenak 18 euro balio zituen. Hori ere bestelako eztabaida bat da, jarraitzaileei lagunarteko bat ikusteagatik kobratzea edo ez.
Gainera, ez dago askotan bestelako modurik norgehiagoka ikusteko. Baskoniaren eta Bilbo Basketen artekoa Youtuben bakarrik eman zuten, ez zen inolako telebista emankizunik izan. Hori ere bestelako borroka bat da. Badirudi, beti bezala, futbolak bakarrik agintzen duela zenbait katetan.
Aipatutako gauzak, ondorioak baino gehiago, hausnarketak dira. Partidari dagokionez, denboraldiaurreko beste neurketa bat izan zen. Gorabehera asko, ez bakarrik markagailuan, baita jokoan ere. Halakoetan kalitate handiagoa duen taldeak irabazten du partida, azken minutuetan. Gidoi hori askotan errepikatzen da. Baskoniak irabazi zuen: 81-72.
Bilbo Basketek gaur zortzi Txapeldunen Ligako multzokako faserako sailkatzeko kanporaketa jokatu du Lituaniako Neptunas Klaipedaren aurka. Ez dute zorterik izan zozketan. Bizkaitarrek ahalik eta ondoen heldu nahi dute datorren astera, denboraldiko helburu nagusietako bat jokoan izango baitute ACB liga hasi baino lehen. Asteartean Lituanian jokatuko dute, eta ostiralean Miribillan.
Testuingurua
Ibon Navarroren Unicajak FIBA Intercontinental txapelketa irabazi zuen asteburuan Singapurren. 15 puntu baino gehiagoren aldeaz irabazi zituzten jokatutako hiru partidak. Garaikur bat zegoen jokoan, baina denboraldiaurrean jokatzen diren torneo horietako bat izan zitekeen. Hori bai, parte hartzaileak bestelakoak ziren, Afrikako txapeldunak edota Estatu Batuetako G Ligako jokalaririk onenak.
Azken horien kontra jokatu zuten Malagakoek finalean. Zeresan handiagoa eman zuen Juan Toscano-Andersonek esandakoak. Markagailuan atzetik egonda, taldekideen erreakzioa bilatu zuen: «G Liga munduko ligarik onenetan bigarrena da: gure helburua da NBAn jokatzea, ez ACBn edo Euroligan». Ados egon edo ez, inola ere ez da horrela. Testuingurua ulertu beharra dago.
Txus Bidorretak Maik Kotsar Baskoniako jokalari ohiaz esan zuena etorri zitzaidan burura. Baskoniari letoniarra bezalako jokalari bat falta zaio. Orain arteko lagunartekoak ikusita, badirudi gasteiztarrek barneko beste jokalari baten beharra dutela. Aurreko sasoian joko antolatzailea falta zuten, honetan barneko jokalaria. Beti zerbaiten faltan da Gasteizko taldea.
Hala ere, Pablo Laso oraindik jokalariak ezagutzen eta probak egiten ari da. Horretarako da denboraldiaurrea. Testuingurua beti da garrantzitsua gauzak ulertzen saiatzeko, ondorioak behin-behinekoak izaten baitira. Edonoiz dena aldatu daiteke. Aldakorra da egunerokoa; bada, are gehiago denboraldiaurrea.