Gertatu ohi da. Bill Shankly handiak esan zuen behin, Liverpooleko entrenatzaile zela: «Futbola hil edo bizi baino garrantzitsuagoa da». Hiztegi militar kutsukoa sarri erabiltzen da futbolean, erabat neurriz kanpo. Azken batean, futbola horixe baino ez baita: kirol bat. Nahiz eta muga asko baino haratago dauden erreakzioak eta jarrerak eragin bertan gaudenon artean. Baina ez dira ohikoak izaten halakoak. Gaurko analisi honen izenburuak ere badu kutsu militarra, baina ez noa hortik. Batzuetan gertatzen den zerbaiten azalpena emango dut: gaizki jokatu eta irabazi. Horixe egin zuten Athleticek eta Realak asteburuan. Hala ere, okerrak oker, izan zuten ondo egindakorik. Hain zuzen, beste hainbat bider gaizki egiten dutena. Osasunak, aldiz, ez zuen saririk jaso oker jardun eta gero.
Zelai txikietako jokoa. Ez da handia Vallecas futbol zelaia. Harmailak ere soro pilotik oso gertu daude. Berezia izan behar du han jokatzea, halaxe onartzen baitute jokalariek. Zelai txikietan aritzea ezberdina izan ohi da. Normalean, joko zuzena izaten da nagusi, baloia luze jotzearen baliabidea. Aurkarien arteko tartea ere txikia izan ohi da, eta defentsako lanean presioan aritzeko egokia da. Beste ezaugarri bat hau da: gauza gutxirekin sortzen dira gola sartzeko aukerak, baloia erraz joaten baita area batetik bestera. Beste neurri batzuetan jokatzen ohituta dauden jokalariak ez dira eroso egoten Vallecasen. Athleticekoak ere ez ziren gustura ibili. Ez zuten ohi bezala jokatu. Beste zerbaitera moldatu behar izan zuten, eta ez da erraza izaten hori. Baina irabazi egin zuen. Irabazi egin zuen Rayo baino askoz hobea izan zelako golak sartzen. Eraginkortasuna izan zuen ikur Bielsaren taldeak. Beste hainbatetan izan ez duena, alegia. Ez zuen ondo-ondo jokatu, baina sartzen asmatu zuen. Eta sartzen bikain jokatu zuen.
Agintariak azpikoari. Goitik beherako begirada bota ohi dio nagusiak nagusi ez denari. Futbolean ere badira agintea neurtzeko eskailera mailak, eta igandean Anoetan gertatu zena ikusita, ematen du Realak azpian duela Sporting. Beno, sailkapenean sei puntu azpitik izanda, ezin duda handirik egin horretan. Baina zelaiko jardunera joanda, emaitza gehiegizkoa izan zen. Ematen du etxekoak txiki-txiki egin zuela kanpokoa, baina ez zen horrela izan. Estu aritu zen Reala bigarren zatian, eta partidaren bukaeran, golak sartzen asmatu izanak ekarri zion bostekoa. Golak sartzen jokatu zuen ondo taldeak, baina beste gainontzean, eskas, hasierako minutuetan izan ezik. Defentsako lanean ezin baloirik lapurtu, eta lapurtu ondoren, gauza ez, hiruzpalau pase segidan emateko. Sporting ere antzera moldatu zen, eta gaitz erdi. Beste behin, argi geratu da hau: Realak ez daki partidak kudeatzen. Aukera ederra izan zuen bostekoa lehenago sartzeko, hasi eta berehala bi gol sartu ondoren. Baina agintariak txikia txikitu beharrean, ia-ia azpikoak hartu zion gaina.
Beste muturrean. Osasunak Athleticen eta Realaren kontrakoa egin zuen. Emaitzaren kasuan, bistakoa da: galdu. Jokoari dagokionez, antzera ibili zen, baina emaitzan ez: gaizki jokatu eta irabazi ez. Eta golak sartzeko arloan, beste horrenbeste: aukera batzuk izan, eta kale. Osasunak ez zuen saririk izan lehiaren bukaeran. Beste zenbait partidatan, asko-asko jokatu gabe, uzta oparoa jasotzeko gai izan zen, baina herenegun ezin. Mendilibarrek esan zuen duela hilabete edo, bere taldearen lan ona indartzeko: «Esan eta esan ari zarete ez garela ondo jokatzen ari, baina hainbeste puntu izateko zerbait ondo egingo dugu, ezta?». Adierazpen hori bete-betean erabil daiteke Athleticen eta Realaren asteburuko azterketa egiteko. Eta bere taldearen kasuan, besteetan ondo egin duten zerbait hori falta izan zitzaion astelehen gauean. Hori bai, aurkariak ere jokatzen du, eta egungo Atletico Madrili irabaztea ez da batere erraza.
Betiko galderak. Hiru taldeen azkeneko jarduna gogoan, agerian da inoiz isiltzen ez den matraka: ondo jokatuta aukera gehiago al dago irabazteko? Oraingoan, ezetz erantzun beharko da. Hurrengoan, aldiz, baietz esan beharko da. Eta hari horri tiraka, beste hau: zer da ondo jokatzea? Bill Shanklyrentzat, irabaztea izango zen ondo jokatzea. Hil edo bizikoa baino garrantzitsuagoa.
Aulkitik begira
Dena gaizki?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu